(argazkia: Bilboko Konpartsak)

Txosnak arriskuan daudela salatzeko ekitaldi erraldoia egingo dute maiatzaren 31n, Bilbon

Bilboko Konpartsak, Donostiako Piratak eta Gasteizko Txosnak alarma mezu bat zabaltzeko elkartu dira gaur Bilbon. Jaiak, gaur egun ezagutzen ditugun bezala, desagertzeko arriskuan daudela diote, “aisia merkantilizatuta dagoen garaian, instituzioek, eredu hori babestu beharrean lehentasuna ematen diete irabazi asmoa duten jarduerei”.

Donostiako Piratek, Gasteizko Txosnek eta Bilboko Konpartsek Txosnak arriskuan ekimenaren aurkezpena egin dute gaur Bilboko Zabaltegi aretoan. Alarma mezua zabaltzeko elkartu dira, izan ere, “jaiak, gaur egun ezagutzen ditugun bezala, desagertzeko arriskuan daude. Ez dugu alarmista izan nahi, baina gero eta gertuago ikusten dugun errealitate bat islatu nahi dugu gaur”, adierazi dute.

Mundua pribatizatzen ari dela diote, “gero eta zailagoa da txosnak eta herri-jaiak antolatzea. Aisialdia merkantilizatuta dago, eta irabazi asmorik ez dugunoi geroz eta oztopo gehiago jartzen dizkigute espazio publikoa erabiltzeko. Agerikoa da, instituzioek lehentasuna ematen diete irabazi asmoa duten jarduerei”.

Autogestioan oinarritutakoei zailtasun gehiago jartzen dizkietela nabarmendu dute, “tramite administratiboen zama, kostuen garestitzea, araudi murriztaileak”. Arriskuan jarri dute adierazpen kolektibo hauen etorkizuna, irabazi asmorik gabeko txosna eta jaiena.

Bestalde, “jai eredu hau Euskal Herrian hain errotuta egonda, anomalia da gure izaera ez aitortzea, eta administrazioak ez izatea gure beharretara egokitutako esparrurik. Ez gara enpresak, ez gara ekitaldi komertzialak, boluntarioak gara. Ondo pasatzea kontu serioa da. Txosnak gure herriaren altxorra dira, eta babestu egin behar ditugu, ezberdindu behar ditugu merkataritza ekitaldietatik”, adierazi dute.

Urtero milaka eta milaka pertsona ibiltzen dira antolaketa lanetan herri eta auzoetan jai herrikoiak izan ahal izateko. “Ahalegin hori da gure altxorra, interes ekonomikorik gabe antolatzea, herri moduan, herritarren onurarako. Posible dela frogatzen dugu urtero, eta horregatik sortu dira hainbeste oroitzapen eta emozio espazio hauetan. Guretzat ez dago gauza ederragorik jaiak antolatzeari eskaintzen diogun denbora baino. Eta ez dago gauza tristeagorik hainbeste maite dugun eta guztion artean hainbeste gozatzen dugun hori desagertzeko arriskuan ikustea baino”.

Hala, txosnak eta herri-jaiak defendatzeko jendea ekitaldi handi batera joateko deia egin dute, maiatzaren 31n, 11:30ean, Bilboko Miribillako anfiteatroan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna