Tzeli Hadjidimitriou zuzendariaren ‘Lesvia’ dokumentala

Tzeli Hadjidimitriou zuzendariaren ‘Lesvia’ dokumentalak irabazi du Zinegoak 2024 Sari Nagusia

Memoria lesbikoa eta ultraeskuinari erresistentzia izan dira Zinegoak jaialdiko aurtengo sarien protagonistak.

Bilboko LGTBIQ+ 21. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak edizio honetako irabazleak eman ditu ezagutzera atzo arratsaldean Bilborock aretoan egin zuten itxiera ekitaldian. “Memoria lesbikoak eta ultraeskuinari erresistentzia izan dira palmaresaren protagonistak”. Eitbk 4.000 eurorekin babesten duen Zinegoak Sari Nagusia Tzeli Hadjidimitriou zuzendariaren Lesvia lanak lortu du. Epaimahaiak adierazi duenez, “dokumental hau beharrezkoa da bizikidetzari espazioa eman eta jende arruntari ahotsa emateko. Ez ahazteko urte luzez lesbianismoak ez duela ikusgarritasunik izan, bazterketa pairatu duela, eta hau guztia kontuan hartuta ultraeskuinaren gorakada eta herrialde askotan neurri lesbofoboak hartzen ari direla”.

DOK kategorian izan da irabazlea Lesvia, eta bertan epaimahaiak aipamen berezia egin nahi izan dio Joris Lachaiseren Transfariana lanari, “ezinbestekoa baita pelikula hau ikustea, maisutasun handiz erakusten digulako FARC taldearen borroka marxista eta militarizatua borroka transfeministarekin, bat eginda sistema eraldatzeko”.

FIK kategorian, berriz, Levan Akin zuzendariaren Crossing pelikulak eraman du saria, “Istanbul zaratatsuaren erretratu bikaina egiten duelako. Pertsonaia guztiak elkarren artean bilatzen ari direla ematen du, baina batik bat, euren buruaren bila ari dira. Bere begirada zinematografikoagatik, gureak izan daitezkeen bizitza-bidaia horiekiko enpatia arraro bat sortzen duelako”.

KRAK sailari dagokionez, narratiba berriekin lotutakoa, saria Lisa Gerig zinemagilearen The Hearing lanak eraman du, “Suitza/Europaren eta errefuxiatuen arteko immigrazioari aurre egiteko oso ondo antolatutako narrazioa delako. Gure europar ingurunean milaka pertsonak, queer edo ez queer, bizi duten drama soziala islatzen du”.

Lesvia pelikulaz gain, sari gehien jaso duen lana Lillah Halla zuzendariaren Levante filma izan da, “genero-aniztasuna irudikatzeagatik eta zaintza-sarea erdigunean jartzeagatik, eskubideen galerari erantzuteko eta faxismoak aurrera egin ez dezan”. Sari nagusi bi jaso ditu: Aniztasuna eta Giza Eskubideen saria eta  Lesbianismo eta Generoaren Saria. Aniztasun eta Giza Eskubideen epaimahaiak ere aipamen berezia egin nahi izan dio Jorge Cadenaren Flores del otro patio lanari, “hizkuntza bisual indartsuarekin erakusteko sexu- eta genero-disidentziek LGTBI borroka gainditzen dutelako, jatorrizko herrien lurraldearen eta eskubideen defentsarekin lotuz”.

Elsa Aloisioren Au bord de nos nuits blanches lanak publikoaren saria eraman du, sexu langileen eta trans emakumeen erresistentzia eta sororitateari buruzko istorioa da.

Senior epaimahaiaren sari nagusia Tomas Caliren L’esquisse filmarentzan izan da, “artea komunikazio-bide unibertsal gisa planteatzen duelako” eta aipamen berezia Jone Arriolaren Dena asmatuta dago-rentzat izan da, “gazte bi ikusten ditugulako elkarrizketa luze batean, berba perfektua bilatzen dute elkarrekin abiatzen ari diren bidea definitzeko”.

Gazte epaimahaiak, bere aldetik, Shuli Huang zuzendariaren Dang wo wang xiang ni de shi hou lana saritu du, “bakoitza bere aldetik artelantzat har daitezkeen irudiak eta esaldiak nahastuz narratiba bat sortzeko moduagatik”. Afioco Gnecco eta Carolina Yusteren Ciao Bambina lanari aipamen berezia egin diote, “gure ustez, historia errealista eta hurbila da, pertsona askok igarotzen duten errealitatea azaltzen duena, eta sentiberatasun eta naturaltasun handiz tratatzen dute”.

Euskal Aktoreen Batasunaren epaimahaiak Fikziozko Film Luzeko Antzezpen Nagusirik Onena Mzia Arabuli aktoreari eman dio, Crossing filmekoa, “bere begiradaren boterearen bidez publikoa bere emozio guztietatik bidaiarazteko duen gaitasun handiagatik”. Antzezpen Sekundariorik Onena Todo el silencio pelikulako Ludwika Paletarentzat izan da, “entzumen-aniztasuna duen pertsona bat egiazkotasun handiz interpretatzeko duen gaitasunagatik”.

ZG PRO Laborategia saria Bella Cintra eta Laurent Lopez de Gardeyren Los Siento proiektuarentzat izango da, “ideiak duen originaltasuna eta freskotasunagatik”. Music Library ZG PRO Raul Villalbaren Las niñas de Canchas lanarentzat izan da, “euren film luzean musika urbanora erabiltzeagatik”. Azkenik, SSIFF ZG PRO saria Daniel Alegreteren High proiektuarentzat izan da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna