(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Udabarria Bertsotan irailaren 16tik 24ra bitartean jokatuko da

60 bertsolarik eman dute izena. Denetara hamar saio izango dira.

Urrian hasiko da 2020ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Aurretik, baina, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen Udabarria Bertsotan txapelketarako sailkapen fasea dator, irailaren 16tik 24ra bitartean jokatuko dena, hain zuzen.

Bertsozale elkartearentzat Udaberria Bertsotan “sailkapen fase bat baino gehiago da, Bizkaian bertsolaritzak bizi duen osasunaren isla da, besteak beste, bertso eskoletan, hezkuntza arautuan, plazetan zein lehiaketa eta sariketetan bizi dugun emankortasunaren erakuslea”.

Guztira hamar saio bost egunetan jokatuko dira: “egun eta ordu berean, herri desberdinetan saio bi egingo dira. Horrela, bost egunetan egingo dira hamar saioak”, azaldu du antolakuntzak.

Denetara 60 bertsolarik parte hartuko dute bi multzotan banatuta. Multzo bakoitzean bost saio jokatuko dira. Multzo bakoitzeko saioak jokatu ondoren, multzo bakoitzean puntuazio altuena duten hamahiru bertsolariek eskuratuko dute irailean hasiko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketan parte hartzeko txartela. 26 bertsolari horiei dagoeneko sailkatuta dauden 10 bertsolariak batuko zaizkie, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2018an finalaurrekoetako fasean kantatu zutenak eta finalera heldu ez ziren 10 bertsolariak.

Protokolo berezia matxan

Bi egun baino ez dira falta Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren sailkapen fasea abiatzeko eta antolatzaileek prest daukate dena. Bertsozale elkarteak Covid-19ak eragindako egoera berezirako protokoloak jarriko ditu martxan. “Arauak beteko dira, jakina, baina horrez gain, guztion osasuna bermatzeko neurri gehiago hartuko dira”: alde batetik, parte hartzaile guztientzako protokoloak egin dira: bertsolari, gai-jartzaile, epaile zein antolakuntzakoentzakoak. Bestetik, bertsozaleentzako ere neurriak hartu dira.

Sarrerei dagokienez, segurtasun neurriak ahalik eta gehien errespetatzeko asmoz, sailkapen faseko sarrerak Internet bidez eskuratu ahal izango dira www.bertsosarrerak.eus atariaren bidez.

Saioei zein parte hartzaileei buruzko informazioa, hemen.

Zabaldu: