‘Udako ipuinen ordua’ heldu da Donostiara

Uztailaren 1etik aurrera, astelehenetik ostiralera goizeko 10:00etan Ipuinaren Ordua euskaraz modu birtualean eskainiko da.

Donostia Kulturak uda honetan haurrei eta familiei zuzendutako jarduera berri bat sortu du irakurzaletasuna bultzatzeko xedearekin: Udako ipuinaren ordua. Hala, uztailean eta abuztuan haurrek egunero ipuin berri bat entzunez gozatzeko aukera izango dute. Eskarmentu handiko narratzaile taldea osatu da Lur Kortaren gidaritzapean: Saioa Aizpurua, Amaia Puin, Iraitz Lizarraga, Izaskun Mujika eta Lur Usabiaga. Halaber, programak beste ezaugarri nagusi batzuk ditu. Batetik, grabazioak egiteko Donostiako ondare historiko artistikoa ezaugarri duten 44 toki esanguratsu aukeratu dira,  ezagunak edo ez hain ezagunak direnak. Besteak beste, Victoria Eugenia antzokia, San Telmo museoa, Txillida Leku, Aquariuma, Santa Klara uhartea, Kristina Enea parkea, Igeldoko funikularra, Tabakalera eta Altzako Harria parkea. “Ipuin entzuleek Donostia hobeto ezagutu eta estimatzeko lekuak aukeratu dira”, azaldu du Donostia Kulturak.

Saioak Donostia Kulturako Youtube kanaletik emitituko dira eta irailaren 10era arte egongo dira ikusgai.

Bestetik, ipuinekin batera, joko entretenigarriak proposatuko zaizkie  haurrei, eta, toki batzuetan, programaren maskota izango den Eguzkitxo panpina aurkitu beharko da.   Jokoen erantzunak emailez bidali beharko dira donostiakoipuinarenordua@gmail.com  helbidera.

Zozketak ere iragarri dituzte eta astero opari berezi bat jasotzeko aukera egongo da, besteak beste,  haurrentzako liburuak, San Telmo Museorako gonbidapenak edo Txu-txu trenerako txartelak. Gainera, bisitatuko diren tokien arabera, bertara joateko gonbidapenak egongo dira. Beraz, toki hauetarako sarrerak ere oparituko dira: Eureka! Zientzia museoa, Aquariuma, Euskal Itsas museoa, Txillida Leku, Igeldoko Funikularra eta Jolas Parkerako familia bonoa edo Santa Klara uharterako txalupa.

Ekimen honen aurrekaria DK Etxean programako Ipuinaren Ordua izan da. itxialdian, martxoaren 30etik maiatzaren 31ra, haurrei zuzendutako ipuin saioak grabatu ziren kontalarien etxeetatik eta online zabaldu. Antolatzaileen arabera, “egitarauak arrakasta handia izan zuen haurren etxeetan”.

Zabaldu: