(argazkia: Usurbilgo Udala)

Udarregi bertsolariaren omenez Remigio Mendiburuk egindako Usurbilgo eskultura ardatz duen liburua kaleratu dute

Ixabel Agirresarobek eta Iñaki Martiarenak urteak daramatzate hitzak eta marrazkiak uztartzen, zuzeneko kontaketen bidez. Orain, esperientzia hori Txulotik izenburuko liburuan gorpuztu dute.

Ixabel Agirresarobe Arzallus ipuin-kontalariak eta Iñaki Martiarena Otxotorena Mattin ilustratzaileak Txulotik liburua aurkeztu dute Usurbilen. Lanak Juan Jose Alkain Udarregi bertsolariaren omenez Remigio Mendiburuk egindako Usurbilgo eskultura du ardatz kontakizunak. Egileek Usurbilgo Udalak kultur sormenerako banatzen duen diru-laguntza jaso dute aurten eta Denonartean argitaletxearekin argitaratu dute.

Istorioa Remigio Mendiburu eskulturagileak artelan bat egiteko proposamenarekin abiatzen da: Udarregi bertsolariaren omenezko eskultura bat egin behar du. Artista sormen prozesuan murgildu da, bete-betean. Prozesu horretan, Udarregirekin elkarrizketa izango du. Bertsolaria ezagutuko du: bere tristurak, pozak, nekeak, etab. Kontakizun berri hau umorez eta goxotasunez josita dator.

Egileek urteak daramatzate elkarrekin lan egiten, bakoitzaren dohainak uztartuz zuzeneko kontakizunetan: Agirresaroberen hitzak eta Mattinen irudiak. Azken urteetan, gainera, euskarri fisikoetara jauzia egin dute, Amona Tomaxaren joan-etorriak argitaratuz, eta esperientzia hori baliatu dute, orain, Udarregi eta Mendiburu elkartzeko.

Liburuaren sortzaileek Usurbilen egin den aurkezpenean azaldu dutenez, “bi helburu nagusi ditu liburu honek. Batetik, ondare materiala eta ez materiala ezagutarazi eta transmititzea”. Aurkezpenean adierazi dutenez, “belaunaldi berriek gure bi artista hauek eta euren jardun aparta ezagutu dezaten nahi dugu: izan ere, testuinguru zailean aritu ziren biak ala biak”. Bestetik, ahozko herri literatura hitzez eta irudiz hornitu nahi izan dute.

Ipuin-kontalariak eta ilustratzaileak azaldu dutenez, “sormen prozesua hitzetik abiatu bazen ere, irudiak hartu zuen garrantzia ondoren”. Hala, kolore paleta ausarta eta marra lodiak dira nagusi Mattinen irudietan, aurrera egiteko grinaren eta barruko indarra askatzearen erakusle: Agirresaroberen hitzen freskurarekin, irakurleak aise jarraitu ahal izango du bien artean osatutako kontakizuna. “Zuloaren bestaldean zer ote dagoen kuxkuxeatzera gonbidatzen dugu irakurlea”, bota dute erronka.

Agurtzane Solaberrieta alkateak Agirresarobek eta Mattinek egindako “lan ederra” nabarmendu du. Solaberrietaren ustez, gainera, Usurbilgo ondarearen transmisiorako ere baliagarria izango da. “Dudarik gabe, gure ondarea Usurbildik kanpo zabaldu eta ezagutarazteko trena bikaina izango da: Udarregi bertsolaria, bere omenez Mendiburuk egindako eskultura, eta, bide batez, baita Mendiburu bera ere”. Azaldu duenez, horixe da, halaber, 650 Usurbil Bizi proiektuaren oinarrietako bat ere: “Gure herriaren baloreak eta identitatea bultzatzea da proiektu horren helburuetako bat”. Kultur sormenerako 2023ko diru-laguntza deialdian lau lan aurkeztu ziren eta Txulotik da lan horietako bat; Agirresaroberen Usurbil borobil errioan dabil ipuina da besteetako bat.

Zabaldu: