(argazkia: Bertsozale)

Udazkenean egingo da Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala

Lurraldeetako kanporaketa saioak eta finalak asteotan egingo dira.

Bertsozale elkarteko kideek jakinarazi dutenez, Euskal Herriko 14 eta 18 urte bitarteko gazteak hasi dira jada Euskal Herriko Eskolarteko txapelketaren baitan bertsotan. “Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hasiak dira dagoeneko, eta Nafarroako eta Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko gazteei ez zaie askorik falta ekiteko”, adierazi dute. “Udaberrian eta udan egingo du bere bidea lurraldeetan Eskolarteko saguzarrak, eta udazkenean berriro astinduko ditu hegalak Euskal Herriko Eskolartekoaren aitzakian”.

Apirilaren 23an abiatu zuten txapelketa Gipuzkoan, eta pasa den astean Araban eta Bizkaian. Horiek amaituta gauzatuko dituzte finalak lurralde bakoitzean: maiatzaren 15ean egingo dute Agurainen Arabakoa, Bertsoa Bizi Gazte Eguna ospatzearekin batera. Maiatzaren 28an zehaztu dute Gipuzkoako Eskolartekoaren finala Urnietan, eta hurrengo egunean finkatu dituzte Bizkaikoa eta Nafarroakoa; Igorren eta Lesakan, hain zuzen. Nafarroaren kasuan, saio bakarrera ekarriko dute Eskolarteko Bat-bateko Bertsolari Txapelketa, eta egun horretan ospatuko dute, gainera, Nafarroako Bertso Eskolen Eguna. Ekainean egingo dituzte saioak Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroako behereko gazte bertsolariak elkartzen dituen txapelketari dagokionez. Ekainaren 26an egingo da finala Senperen.

Lurralde bakoitzean sailkatzen diren txapeldunordeekin eta txapeldunekin egingo dute azkenik 2021eko Eskolartekoari amaiera emango dion Euskal Herriko Eskolartekoaren finala.

Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute Eskolarteko Bat-bateko Bertsolari Txapelketa; 33. urtebetetzea beteko du aurten. Gazteei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea du helburu, eta baita haurrak eta gazteak entzulearen aulkitik zaletzea ere.

Zabaldu: