Herri Urrats irailaren 20an ospatuko da Senperen, Araba Euskaraz eta Ibilaldia urriaren 18an Amurrion eta Elorrion, Kilometroak urriaren 4an Amasa-Villabonan eta Zizurkilen eta Nafarroa Oinez bertan behera geratu da.
Duela aste batzuk, Ibilaldia, Araba Euskaraz eta Herri Urrats jaiak atzeratu egin zituztela iragarri zuen Ikastolen Elkarteak. Orain data berriak iragarri dituzte. Hala, Herri Urratsen kasuan, irailaren 20an ospatuko dute Senperen eta Araba eta Bizkaiko ikastolen aldeko festak berriz, urriaren 18an egingo dituzte Amurrion eta Elorrion. “Bi jaiak egun berean izango dira, bi herri eta lurralde desberdinetan, baina bien arteko lotura ere egingo dugu”, adierazi du Ikastolen elkarteak. Kilometroak urriaren 4an Amasa-Villabonan eta Zizurkilen ospatzekoa zen eta printzipioz, data bere horretan mantenduko da. Nafarroa Oinez berriz, aurten ez dela egingo iragarri dute. “Tamalez, beste jaiek ez bezala, Lizarrako ikastolak eta Nafarroa Oinez fundazioak ikusi dute ez direla baldintzak ematen beren jaia aurten ospatzeko, eta hurrengo urtera atzeratu dute. Kolpe latza da Nafarroako ikastolentzat eta bereziki Lizarra ikastolarentzat; baina orain arte egin dugun moduan, elkartasun ekimenak gure artean bultzatuz, aterako gara honetatik ere”.
Datak gerturatu ahala, ikusiko dute aurrera egin dezaketen, edo atzera egin beharko duten; baina, gaur-gaurkoz, “determinazio osoa dugu jaiak ospatzeko”, azaldu dute Ikastolen Elkartekoek. “Ez dugu etsi nahi, jai hauek ez direlako jai hutsak. Jendea, noski, ongi pasatzera dator, dibertitzera, dantzatzera, lagunekin egun eder bat igarotzera… Baina jai hauek helburu ugari dituzte, hala nola auzolanaren bitartez ikastolako kideen artean, ikastolen artean eta ikastolen eta herrietako eragileen artean harremanak estutzea; jai hauen bitartez euskal kulturari bost plaza handi eskaintzea; euskarari bozgorailu handi bat jartzea; hainbat proiektu aurrera ateratzeko finantzaketa lortzea.
“Urte osoan lanean aritu diren boluntario andana, gure jaietan parte hartzeko konpromisoa hartu zuten kantari, musikari, dantzari, pailazo eta artista guztiak, azpiegituraz arduratzen diren guztiak, gure babesle eta laguntzaileak, guztiak kontuan hartzen ditugu. Egin duten lan horrek guztiak, gurekiko erakutsi duten konpromiso eta atxikimenduak gure aurtengo jaiei eusteko ahalegina egitera behartzen eta bultzatzen gaituzte, eta guztiak aintzat hartuko ditugu udazkenerako”.
Ardura eta erantzukizunez jokatu nahi dutela nabarmendu nahi izan dute, eta horretarako, osasuna bermatzeko baldintza guztiak ezarriko dituzte: formatu egokituak, jan-edana baldintza seguruetan eskainiz, garbiketa sakonduz… “Udazken honetako jaiak ez dira orain arte ezagutu ditugunen modukoak izango. Ezohiko egoera batean gaude, eta erabakiak hartzea erraza ez den arren, gure jaiak berrasmatzen ari gara. Oraingoan ere ikastolok ahalegin berezi bat egiten ari gara egoera zail honetan gure onena atera eta gizarteari erantzun egoki bat emateko. Sormena landuz, auzolanean eta tokian tokikoari garrantzia emanez, ikastolen jai berrituak programatuko ditugu”.