UEMAk Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren deialdia zabaldu du

Udalerri euskaldunak garatzeko moduak ikertzea eta lantzea da deialdi honen xedea. Egitasmoak aurkezteko epea maiatzaren 28ra arte egongo da zabalik.

UEMAk, Euskalgintzaren Kontseiluaren, UEUren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren deialdia zabaldu du. 2019an sortu zen beka honek udalerri euskaldunen garapena aztertzea, ikerketa sustatzea eta euskal soziolingustikaren inguruko ezagutza areagotzea du helburu.

Lau erakundeen artean antolatutako Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz jardunaldietan ondorioztatu izan den bezala, udalerri euskaldunak garatzea da arnasguneak mantentzeko modurik eraginkorrena. Arrazoi sozioekonomikoak, soziokulturalak eta sozioekologikoak, egon daitezke, arnasguneen garapen jasangarria bermatzeko oinarrian; hain zuzen, esparru horiek aztergai eta abiapuntu hartuta, udalerri euskaldunak garatzeko moduak ikertzea eta lantzea da deialdi honen xedea. Horren adibide, lehen urtean Joseba Garmendiaren Tokiko garapen ekonomikorako estrategiak eraikitzeko marko kontzeptuala, arkitektura eta metodologia eta Enara Eizagirre, Edurne Urrestarazu eta Ekhi Zubiriaren Migrazio erdalduna herri euskaldunetan: euskararen inguruko bizipenak eta iritziak ikerketa lanak izan ziren sarituak. Biak ala biak UEMAren webgunean daude irakurgai.

Oinarriak

Bigarren deialdi honen xehetasunei dagokionez, 6.000 euroko bi lan sarituko dira. Norbanakoek zein ikerketa egiteko sortutako lantaldeek aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak, eta kasu guztietan lehen laginak maiatzaren 28rako aurkeztu beharko dira. Epaimahaiak ekainaren 30ean jakinaraziko du diruz lagunduko diren ikerlanak zeintzuk izango diren, eta data horretatik abiatuta, hamar hilabeteko epea izango dute saridunek lehen proposamena garatzeko eta ikerlanak aurkezteko. Deialdiaren xehetasun guztiak UEMAren webgunean daude.

Zabaldu: