(argazkia: UEMA)

UEMAren arabera, ikus-entzunezkoetan, euskara erdaren oso azpitik dago

Telebista, streaming plataformak, sare sozialak, musika eta bideo-jokoetan gazteek zer kontsumitzen duten aztertu da, eta ondorioztatu dutenez, erdarazko kontsumoa nagusitzen da guztietan.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean, gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketa aurkezteko. Azterlanean, telebista, sare sozialak, streaming plataformak, musika eta bideojokoen kontsumoa aztertu dute, eta euskara erdaren oso azpitik dagoela ondorioztatu dute. Ikerketak UEMAko kide diren 94 udalerrietako 11.571 gaztek betetako inkesta du oinarri.

Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak eta Garikoitz Goikoetxea azterketaren arduradunak aurkeztu dituzte datuak Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean. Lazkanok diagnostikoaren larritasuna nabarmendu du: “Azken urteetako sentsazioak eta kezkak datuetara ekarri nahi izan ditugu lan honekin, eta egoera makurra azaleratu da. Arlo estrategikoa da ikus-entzunezkoena, eta, beraz, hizkuntza-politikaren ikuspegitik ezinbestekoa da benetako erabaki sendoak hartzea arlo honetan”.

Lazkanok mankomunitatearen nondik norakoak eta egitekoak azaldu dizkie legebiltzarkideei. Gogoratu du, besteak beste, udalerri euskaldunen behatoki funtzioa daukala UEMAk, eta ikastetxe eta udalak bidelagun egin dela ikerketa sakona. “Eskola eta herri askotan kezka handia sumatu dugu ikus-entzunezkoen kontsumoak gaztetxoen hizkuntza-ohituretan duen eraginagatik. Hori bideratzeko lehen pausoa izan da honako hau, errealitatea aztertzea. Bigarren zeregina dator orain: diagnostikoaren argitan neurriak hartzea”.

Erdararen nagusitasuna

Goikoetxeak bere aldetik, egindako lanaren nondik norakoak aurkeztu ditu Legebiltzarrean. Aipatutako moduan, LH4tik Batxilergoko 2. maila bitarteko ikasleen 11.571 inkesta jaso ditu UEMAk, eta horietan egindako galderen erantzunekin osatu da ikerketa. Zehazki, telebista, streaming plataformak, sare sozialak, musika eta bideo-jokoetan gazteek zer kontsumitzen duten aztertu da, eta erdarazko kontsumoa nagusitzen dela guztietan ondorioztatu du.

Esaterako, gaztetxoek ikusi duten azken telesail edo marrazki bizidunetatik
% 10,6k baino ez du ikusi euskaraz, eta adinean gora doazen heinean jaitsi egiten da ehuneko hori: batxilergoko ikasleen % 3,1ek baino ez du ikusi euskarazko telesail edo marrazki-bizidunak. Lehen Hezkuntzan, marrazki bizidunak ikusteko Clan katera jotzen dute (% 42,9) ETB3ra (% 22,1) baino gehiago.

Txostenean xehe-xehe daude ikerketako emaitzak eta grafikoak.

Zabaldu: