(argazkia: UEU)

UEUren Udako Ikastaroak gogoeta eta hausnarketa gune

Iazkoaren haritik, 17 jardunaldi eta topaketa antolatu ditu UEUk hainbat eragileekin elkarlanean, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko helburuarekin.

UEUk 51. Udako Ikastaroak aurkeztu ditu Iruñean. Bertan, Aitor Bengoetxea UEUko Zuzendariak eta Irati Iciar UEUko Udako Ikastaroen arduradunak parte hartu dute. Bengoentxearen hitzetan, “UEUren Udako Ikastaroek 50 urte bete zituzten iaz. Donibane Lohizunen egin ziren lehen Udako Ikastaro horiek hainbat euskaltzalek eta erakundek bultzatuta, euskara unibertsitatean ere erabili zitekeela sinetsi zutelako. Orduz geroztik, urtero-urtero, bost hamarkadetan zehar UEUren Udako Ikastaroek ez dute hutsik egin udako beraien hitzordura (1977tik aurrera Iruñean), eta jakin izan dute urte hauetan guztietan gizartearen beharretara egokitzen. Hasieran hitzaldi irekiak ziren, ondoren jakintza-alor espezifikoak, barnetegi moduan Larraonako garaian, laburragoak eta aditu eta profesionalei begirakoak azken urteetan, eta iazko urteurrenaren hariari jarraiki, hausnarketa eta gogoetarako gune dira orain. Besteak beste, hori baita UEUren funtzioetako bat: Euskal Herriarentzat garrantzitsuak diren gai eta eztabaidentzat gune akademiko euskaldun bat eskaintzea gure gizartea aberatsagoa izaten laguntzeko asmoz”.

Iciarrek azaldu duenez, “iaz, 50. Udako Ikastaroek UEUren ibilbidea eta egindako lana ospatzeko aukera eman ziguten, baina baita Udako Ikastaroen inguruan hausnartzeko parada ere. Hori dela eta, iaz UEU zein gure gizartearentzat estrategikoak ziren gaiak landu genituen hainbat jardunaldien bidez. Aurten, nahiz eta zenbaki borobila ez izan, bide horri eutsi, formazio-esparrua gainditu eta Udako Ikastaroak gogoeta gune bezala finkatzea erabaki dugu”.

Hala ere, udakoen ezaugarriak bere horretan mantenduko direla azpimarratu du Iciarrek, “aurrez aurrekotasuna ezinbestekoa da udakoetan, jendeak hausnarketa egiteaz gain, elkar ezagutu eta komunitatea trinkotzea baitute helburu. Horietaz gain, kalitatea da beste ezaugarrietako bat. Gure antolatzaileak adituak eta arituak dira proposatzen dituzten gaietan eta horiek mimatzen saiatzen gara. Udakoak arnasgune akademikoa dira bertara hurbiltzen direnentzat eta baita euskaldunen topagunea ere”. Jardunaldi guztiak neurrira egindakoak direla azaldu du UEUren Udako Ikastaroen arduradunak: “Udako Ikastaro hauek lankidetzan oinarritzen dira, eta hainbat eragilerekin batera antolatu ditugu aurten: Kontseilua, BadaLab, Jakin,… Eta jende multzo zabalak izena eman dezake bertan: alorreko profesionalak eta adituak, gaian interesa duenak eta azken finean, euskaldun guztiek”.

Aurtengo Udako Ikastaroak hilabete iraungo dute, ekainaren 12tik uztailaren 12ra bitartean eta Euskal Herriko txoko askotara iritsiko dira: Eibar, Baiona, Iruñea, Gasteiz, Bilbo, Errenteria, Tolosa eta Usurbil. Ahalik eta jende gehiagok parte hartu dezan, 10 euro balioko dute matrikula guztiek. Hauek dira bertan landuko diren gaietako batzuk: herritarrak ikerketan inplikatzen, Gizarte mugimenduak, Euskal Herria eta emakumeak euskal kooperatibismoan.

Zabaldu: