(argazkia: Gerediaga elkartea)

Ume eta familiei zuzendutako sorkuntza lana sarituko da Durangoko Azokaren 6. Sormen Bekan

Irailaren 21era arte egongo da proposamenak aurkezteko epea zabalik. Aurtengo Durangoko Azokaren baitan ezagutzera emango dute irabazlea.

Euskarazko sorkuntza sustatzeko eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera emateko asmoz, Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak martxan jarri dute seigarren urtez Sormen Beka Da.

Seigarren edizio honetan ume eta familiei zuzendutako edozein diziplinatako edo diziplinen arteko uztarketatik landutako sorkuntza lana sarituko da. Lana ikuskizun bat izan daiteke (zirkua, antzerkia, ipuin kontaketa…) edo euskarri bat (mahai jolasa, musika, bideoa…), baita horien arteko nahasketa bat ere. Sarituko den proposamena, 2024an, Saguganbara guneko eskaintzetako bat izatea ere bada helburua.

Aurreko bost edizioetan, literatura, musika, ikus-entzunezko, proiektu digitalak eta arte eszenikoak saritu dira. Honako hauek: ATOPIArpg euskarazko rol jokoa, Kai Nakai abeslariaren lehen lana, Bañolet lau ataletako telesaila, Barraka bideo-jokoa eta Jon Ander Urresti aktorearen Eucalyptus antzezlana.

Bekaren saria 15.000 eurokoa izango da proiektua aurrera atera ahal izateko. Proiektuaren kalitatea, gaitasun berritzailea eta originaltasuna, proiektuaren hedatze ahalmena eta aurrez aurreko proiektuaren defentsa izango dira irabazlea aukeratzeko kontutan hartuko diren irizpideak.

Irailaren 21era arte egongo da proposamenak aurkezteko epea zabalik eta epaimahaiak aurkeztutako lanen artean lauzpabost aukeratuko ditu. Hauek proiektuaren defentsa egin beharko dute epaimahaiaren aurrean. Lehen aukeraketaren ebazpena telefonoz egingo da. Lan irabazlearen berri 58. Durangoko Azokaren egitarauaren barruan emango da. Urtebeteko epea izango du irabazleak lana burutu eta 2024ko Durangoko Azokan (59. DA) aurkezteko.

Oinarriak, hemen.

Zabaldu: