Unai Elorriaga eta Josu Aurrekoetxea izango dira bihar Koldo Mitxelena Kulturuneko Poetika zikloan

Odola kantari: euskal kulturgintzaren tragepedia izenburupean, idazle algortarrak hartuko du parte zikloan. Bertan, bere hainbat lan irakurriko ditu, Josu Aurrekoetxea musikariarekin batera.

Poetika zikloa itzuliko da berriz ere Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunera. Bihar, hilak 18, izango du lehen hitzordua Odola kantari: euskal kulturgintzaren tragepedia izenburupean, eta Unai Elorriaga poeta izango da protagonista, Josu Aurrekoetxea musikariarekin batera.

Antolatzaileen esanetan, “literaturan bi gai nagusi daudela esan izan da beti: maitasuna eta heriotza. Mundu guztiak uste du, gainera, maitasunari buruz idatzi dela gehien, eta maitasuna izan dela gai nagusia poemetan edota abestietan. Errezitaldi honen bidez, ordea, publikoak ikusiko du uste hori ez dela guztiz egia, asko kantatu baitzaio heriotzari, gerrari, erailketari, odolari”.

Donostiako Kulturuneak urtero antolatzen dituen irakurketa poetiko hauek errezitaldietan oinarritzen dira, eta, aurretik, adituen aurkezpenak izaten dituzte, gonbidatuaren testuinguruaren eta poetikaren errealitatea kokatzen laguntzeko.

Goizane Alvarez Kultura diputatuaren hitzetan, “Poetikaren helburua da gaztelaniazko eta euskarazko egungo poesia ezagutaraztea, errezitaldia, literatura-kritika eta zuzeneko musika batzen dituen formatu erakargarrian oinarrituta”.

Biharko emanaldia, beraz, Koldo Mitxelena Kulturuneko ekitaldi aretoan (Santa Teresa komentua) izango da euskaraz, arratsaldeko 19:00etan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna