(argazkia: Albaola)

UNESCOk Albaola Itsas Kultur Faktoria Jardunbide Egokien eredu gisa aitortu du

Pasaiako faktoriarentzat “ohore handia da euskal itsas kultura nazioartean ordezkatzea eta ondare hau etorkizuneko belaunaldiei transmititzeko lanean jarraitzea”.

UNESCOk emandako Jardunbide Egokien aitortza honek Albaolak euskal itsas ondarea berreskuratzeko, ikertzeko eta zabaltzeko egindako “lan bikaina nabarmentzen du”, eta “mundu mailako erreferente” gisa izendatzen du itsas kultur esparruan.

Pasaiako faktoriarentzat une bereziki esanguratsuan iritsi da aitortza: San Juan baleontziaren eraikuntza, XVI. mendeko euskal itsasontzia, bere azken fasean baitago Pasaiako ontziola-museoan.

Jardunbide Egokien errekonozimendua UNESCOren 2001eko Itsaspeko Kultur Ondarea Babesteko Hitzarmenaren barruan kokatzen da. Osatzen duen nazioarteko batzordea egunotan bildu da Parisen, bere hamargarren saioan. Aitortza honek eredu bihurtutako proiektuak goraipatzen ditu, itsaspeko kultur ondare baliotsu eta ahul baten babesa, ikerketa, kontserbazioa, dibulgazioa eta ardurazko irisgarritasuna sustatzeagatik.

Hautagaitza bakoitza Estatuek aurkezten dute eta Konbentzioaren Aholkularitza Batzorde Zientifiko eta Teknikoak (STAB) zehatz-mehatz ebaluatzen du.

Albaolak nazioarteko STAB-eko aditu talde baten bisita jaso zuen Pasaiako instalazioetan 2025eko martxoan, tokian bertan egindako ikuskapenerako.

UNESCOrekin izandako ibilbide sendoa

Albaolaren eta UNESCOren arteko harremana 2014an hasi zen, Faktoriak bere hautagaitza Konbentzioaren Batzarrean aurkeztu zuenean. Handik gutxira, UNESCOko zuzendari nagusi Irina Bokovak akreditazio ofiziala eman zion faktoriari. 2015ean, UNESCOk San Juan baleontziaren eraikuntza-proiektuari bere babesa eman zion eta mundu mailan halako babes ofiziala jaso duen lehen ontzigintza-proiektua bihurtu zen.

San Juanaren historia mendeetako ibilbidean eta hamarkadetako ikerketan oinarritzen da. Hasiera batean Pasaiako portuan eraikia, baleontzia Labradorreko kostaldera abiatu zen, eta han hondoratu zen 1565ean. Selma Huxley historialariaren ikerketei esker, Parcs Canada-ko itsaspeko arkeologia taldeak, Robert Grenierren gidaritzapean, bere hondoratze lekua aurkitu zuen 1978an. 30 urte baino gehiagoko indusketa eta analisiaren ostean, San Juana, hobekien dokumentatutako bere garaiko ozeanoz gaindiko galeoi izendatu zuten.

2013an, San Juanarer sasakarra biltzen duen Red Bay-ko aztarnategia, Gizateriaren Ondare izendatu zuen UNESCOk. Bi urte geroago, Albaolak ikerketa horretatik ateratako ezagutza baliatuz eraikuntza-proiektua abian jarri zuen, euskal herriaren itsas memoria ahaztutako kapitulu bat berreskuratuz.

San Juanaren nazioarteko garrantzia UNESCOren Munduko Urpeko Ondare Babestuen ikur ofizial bihurtzean islatu zen. “Bere saskarraren siluetak, itsaspeko kultur ondarearen kontserbazioarekiko mundu mailako konpromisoa adierazten du”.

Jardunbide Egokien errekonozimendua “pertsona eta erakunde askoren ahalegin kolektiboaren emaitza da”. Faktoriarentzat “ohore handia da euskal itsas kultura nazioartean ordezkatzea eta ondare hau etorkizuneko belaunaldiei transmititzeko lanean jarraitzea”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna