Guztira 33 abesbatza izango dira taula gainean. Irailaren 20ko hitzordua baino lehen, Ura bere Bidean Koralak kontzertu berezia eskainiko du Gatiburekin.
2023tik Araba Ura Bere Bidean proiektuaren egoitzetako bat da. Ura Bere Bidean proiektua 2020an sortu zen, eta 70eko hamarkadatik gaur egunera arte euskal musikari eta artistei balioa ematea du helburu, hainbat ikuskizunen bidez. Horregatik, lehenengo bi edizioetan izandako harrera onaren ondoren, Fair Saturday Fundazioak Korala ikuskizunaren hirugarren edizioa abiatuko du irailaren 20an, 19:00etan, Buesa Arenan.
Koralak hainbat euskal abesti bertsio koralean estreinatuko ditu. Koralaren konponketa guztiak Fernando Velazquez Euskal konpositore ospetsuak egin ditu. Ia bi ordutan zehar, estilo eta belaunaldi ezberdinetako 20 abesti inguru izango dira entzungai. Sorotan Bele, Doctor Deseo, ETS, Zetak, Zea Mays, Eñaut Elorrieta eta Su Ta Gar talde eta bakarlarien bertsioak izango dira, besteak beste.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “Korala Arabako mobilizazio koral handienetako bat izango da”. Guztira 33 abesbatza izango dira taula gainean, iaz baino 9 gehiago, eta Araba osoko 700 ahots inguru bilduko dira. Guztiek pop banda bat izango dute lagun, Aitor Antruejoren gidaritzapean.
Gatibu taldearen azken kontzertua Araban
Irailaren 20ko hitzordua baino lehen, Ura bere Bidean Koralak kontzertu berezia eskainiko du Gatiburekin. “Publikoak gozatu eta agur esango dio, merezi duen moduan, Euskal musikaren etorkizunean iraungo duten abestiez bete duen taldeari”, adierazi du antolakuntzak.