Urmuga, Euskal Herria zeharkatuko duen mendi ibilaldi musikatua aurkeztu dute

Musika eta mendizaletasuna uztartuz, egitasmoak Euskal herrian zehar osatuko den bidai barneratzaile eta integratzailea izan nahi du.

Urmuga proiektua aurkezteko bildu dira gaur Donostiako Tabakaleran. Urmuga uztailaren 14tik abuztuaren 1era bitartean Euskal Herrian zehar egingo den mendi ibilaldi musikatua da, 19 etapetan banatuta: “ekialdetik mendebaldera, Angulo mendatetik Hiru Erregeen Mahairaino, Urduñatik Isabaraino”. Herrietan eta mendi tontorretan musika emanaldi berezi eta ikusgarriak eskainiko dituztela iragarri dute antolatzaileek. Mendizaleak, Felipe Uriarte duela 40 urte Everesteko euskal espedizio kideak gidatuta, eta Euskal Herriko musikari handi eta ezagunek osatuko duten proiektu nazionala izango dela adierazi dute gaur prentsaurrean.

Hala, edozein mendizalek aukera izango du Urmuga osotasunean burutzeko edo astebeteko zatiren bat egiteko. Mendi gidari batek zainduko du mendizaleen ibilia. Horretaz gain, parte hartzen duenak mendi kontzertuez gozatzeko aukera ere izango du. Mikel Urdangarin, Maider Zabalegi, Maddi Oihenart, Juantxo Zeberio, Niko Etxart, Xendarineko Ahizpak, Eñaut Elorrieta, Txomin Artola edota Josu eta Gari izango dira etapa bakoitzean parte hartuko duten musikari eta taldeetako batzuk.

Antolakuntzak adierazi duenez, tokian tokiko Mendi Elkartearekin elkarlanean arituko dira.

Izena eman nahi duenak edo argibide gehiago nahi duenak 948513233 eta 685750763 telefono zenbakietara deitu dezake edota inprimakia bete.

Egitarau osoa hemen.

Zabaldu: