(argazkia: Urmuga)

Urmuga mendi ibilaldi musikatua martxan da

Bigarren edizioa izango da aurtengoa, iazko edizioaren arrakastaren ondoren. Dupla, Gorka eta Nerea Urbizu, Alex Sardui, edota Olatz Salvador izango dira etapa bakoitzean parte hartuko duten musikari eta taldeetako batzuk.

Urmuga egitasmoaren bigarren edizioa martxan da. Mendi ibilaldi musikatu hau gaur hasi eta uztailaren 31ra arte luzatuko da Euskal Herrian zehar, 19 etapetan banatuta: “mendebaldetik ekialdera, Angulo portutik Hiru Erregeen Mahairaino, espedizioan mendizaleak eta musikariak bat eginik. Bertako gailur, leku eta herri esanguratsuenetara musika eraman eta Urmugaren inguruko pertsonak eta herriak elkarrekin harremanetan jarriko ditugu”, adierazi dute antolatzaileek.

Datozen egun eta asteetan, beraz, edozein mendizalek aukera izango du Urmuga osotasunean burutzeko edo astebeteko zatiren bat egiteko. Egun bateko txangoak egiteko aukera ere egongo da eta mendi gidari batek zainduko du mendizaleen ibilia. Horretaz gain, partehartzaileek mendi kontzertuez gozatzeko aukera ere izango dute. “Urmuga jaialdiaren hemeretzi egunetan zehar, formatu handiko sei kontzertu eta formatu txikiko beste sei egingo ditugu mendi-ibilaldia jarraituz”, azaldu dute antolatzaileek. Dupla, Gorka eta Nerea Urbizu, Alex Sardui, Olatz Salvador, Niko Etxart, Nogen, Anari, Chill Mafia, Juantxo Arakama (Glaukoma) edota Idoia Asurmendi izango dira etapa bakoitzean parte hartuko duten musikari eta taldeetako batzuk. Guzti hauekin batera, Et Incarnatus Orkestra ere izango da jaialdian.

Zabaldu: