Urola Erdiko trikitiaren fenomenoa aztertzeko dokumental, liburu eta bideo sorta sortzeko proiektua martxan

Errautsak hauspotzen egitasmoa bultzatzeko, 60 eguneko crowdfunding kanpaina abiatu dute.

Urola Erdiko trikitiaren fenomenoa aztertzeko eta bide batez, eskualde honetako trikitiak Euskal Herriari egin dion ekarpena balioan jartzeko helburuarekin sortu dute Errautsak hauspotzen egitasmoa Sanagustin Azpeitiko kultur Kooperatibak, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak eta Trikigiro kultur elkarteak.

Proiektu honen baitan, dokumental bat, liburu bat eta trikitilarien bideografiak jasoko dituen bilduma sorta bat argitaratzea aurreikusten da eta horretarako 60 eguneko crowdfunding kanpaina abiatu dute.

Egitasmoaren sustatzaileen arabera, trikitiaren sehaska bezala ezagutu izan da Urola Erdia eskualdea, trikiti zaletasun handiagatik eta baita historiako trikitilari handienetako asko bailarakoak direlako ere: Candido Beristain, Epelde zaharra, Izer, Xakabi, Auntxa, Arbe, Maltzeta, Zabaleta, Zabale, Iturbide, Landakanda, Laja eta Epelde dira horietako batzuk.

Azken urteetan 60 eta 70. hamarkadetako Urola Erdiko trikiti mugimenduaren inguruan sortu den kultur ondarea jasotzeko saiakera desberdinak egin diren arren, ikerketa sistematikorik ez da egin. Testuinguru honetan kokatzen da proiektu hau.

Proiektu hau bestalde, adin guztietako jendeari zuzenduta dago: helduei eta batez ere gazteei. “Gaur egungo gizartea, abiadura handian ari da eraldatzen eta belaunaldien arteko kultur transmisioa eteteko arriskua etengabekoa da”.

Etorkizuneko jendartea eraikitzeko, herri batek bere jatorria eta bere aurrekoen bizimodua ezagutzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute antolatzaileek. “Gizarte anitz baten ikuspegitik, Urola Erdiko trikitixaren inguruko bizipenak, jaso eta transmititu beharreko altxorrak dira”.

Dokumental, bideografia eta liburu sorta honen bidez, jada gure artetik desagertzen ari den belaunaldia jasotzen da. “Bizirik dauden bitartean elkarrizketak egiteak izugarrizko garrantzia du. Iñaki Garmendia Laja-ri, esaterako, hil aurreko azken elkarrizketa egin genion”. Proiektu honek balore historiko handia du beraz.

Zabaldu: