Urretabizkaia, Lertxundi, Ibarzabal, Epaltza eta Txoperena dira 2022ko 111 Akademiaren Sariko finalistak

Akademiakideek Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea, Nerea Ibarzabalen Bar Gloria, Anjel Lertxundiren Desertuan behatxuloa, Aingeru Epaltzaren Erretzaile damutuen konpainia eta Maddi Ane Txoperenaren Ez erran inori lanen artean hautatu beharko dute sariduna.

2022. urteko 111 Akademiaren Saria erabaki ahal izateko 111 Akademiak amaitu du bere lehenengo bozketa txanda, urtarrilaren erdian martxan jarri eta otsailaren 26ra arte zabalik eduki duena. Lehenengo bozketa txanda horretan botorik gehien jaso duten obrak ondokoak izan dira: Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea, Nerea Ibarzabalen Bar Gloria, Anjel Lertxundiren Desertuan behatxuloa, Aingeru Epaltzaren Erretzaile damutuen konpainia eta Maddi Ane Txoperenaren Ez erran inori.

Lehenengo bozketa txandan Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea, Nerea Ibarzabalen Bar Gloria eta Anjel Lertxundiren Desertuan behatxuloa izan dira lanik bozkatuenak, baina horietako bakar batek ere ez du lehenengo txandan saridun izendatzeko behar den botoen %30 lortu. Beraz, 111 Akademiaren arautegian zehaztutakoa jarraituz, boto gehien jaso duten bost obrak bigarren zozketa txandara pasatu dituzte.

Gauzak horrela, 2022. urtean euskal literaturak utzitako uzta zabalegik bost lan horiek izan dira urteko libururik gogokoena hautatzeko bidean lehenengo bozketa txanda gainditu eta bigarrenera igaro direnak. Martxoaren 26a baino lehen bidali beharko dute akademiakideek horietako baten aldeko botoa. Bigarren buelta horretan libururen batek jasotako botoen %40 bereganatuko balu, 111 Akademiak huraxe izendatuko luke 2022ko saridun. Kopuru horretara iristen den lanik ez balego, berriz, bi bozkatuenak finalera igaroko lirateke.

Zabaldu: