(argazkia: Tabakalera)

Urrezko danborra Moriartirentzat, egindako ibilbide luze eta laudatuagatik

Donostiako herritarrek proposatutako 98 hautagaitzen artean eztabaidatu du Bozeramaileen Batzordeak, eta aho batez hartu du erabakia, saria zuzenean emanez.

Donostiako Udal Taldeek aho batez erabaki dute saria Moriarti zinema produkzio-etxe donostiarrari ematea, egindako ibilbide luze eta laudatuagatik, euskal zinema nazioarteko zinemaren erreferente gisa jarriz.

Bozeramaileen Batzordeak Donostiako herritarrek proposatutako 98 hautagaitzen artean eztabaidatu du, eta aho batez hartu du erabakia, saria zuzenean emanez. Urrezko Danborra datorren San Sebastian egunean banatuko da Udaletxeko Pleno Aretoan.

Irutxuloko Hitzak Jon Garaño (Ergobia, 1974) zinemagile eta Moriartiko kidearekin hitz egiteko aukera izan du eta, aitortu duenez, ezusteko bat izan da albistea: “Zeharo harrituta gaude, eta oso eskertuta. Ez genuen espero. Bagenekien hautagaien artean geundela, baina 100dik gora ziren. Eskerrak eman behar diegu gure izena proposatu duten guztiei”.

Moriarti Produkzioak

Moriarti Produkzioak 2001.urtean Donostian sortutako produkzio-etxe zinematografikoa da. Film luzeak, dokumentalak, film laburrak eta telesail bat ekoitzi ditu, eta nazioartean saritutako Handia, Loreak edo La trinchera infinita filmak, Cristobal Balenciaga telesail ospetsua edo Lucio dokumentala bezalako proiektu garrantzitsuak garatu ditu. Moriarti Produkzioak Asier Acha, Aitor Arregi, Xabier Berzosa, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zinemagileek osatzen dute.

Zabaldu:

Utzi erantzuna