(argazkia: Nafarroa Oinez)

Urriaren 16an eta 17a egingo dute Nafarroa Oinez Lizarran

Formatu txikiarekin dator aurtengo Nafarroako ikastolen aldeko besta.

Pandemiaren eraginez, iazko edizioa bertan behera geratu ondoren, bueltan da Nafarroa Oinez festaren edizioa berria. Nafarroako ikastolen aldeko bestak Lizarran izango du hitzordua hilaren 16 eta 17an.

Lizarra ikastolak hartu du aurtengo edizioa antolatzeko ardura, bere 50. urteurrenarekin bat eginez eta ez du erronka makala izan, jaia pandemiak markatutako egoeretara egokitu behar izan baita “Hasteko, iaz, festa bertan behera uzteko erabaki tristea hartu behar izan genuen, testuinguruak nahitaez horrela behar zuelako. Beraz, ezin izan zitzaion ikastetxearen 50. urteurrenaren ospakizunari merezitako amaiera bikaina eman”, adierazi dute.

Bi urtez lanean aritu da ikastola Nafarroa Oinez antolatzeko, eta diotenez, ez da etenik egon ekimena aurrera ateratzeko. “Horregatik, ikastolen jai berriaz gozatu ahal izatea eta, urtebete geroago bada ere, ikastolaren bost hamarkadak ospatu ahal izatea posible egingo duen asteburua hel dadin izugarrizko ilusioa daukagu”.

Hitzordua ez da egun bakarrera mugatuko. Pandemiari lotutako murrizketen desagerpenak antolatzaileentzat berri ona izan bada ere, horrek jardueren antolaketa erraztu duelako, asteburu horretan buruarekin jokatzeko deia egin nahi izan dute. “Errespetua eta zuhurtzia ezinbestekoak izango dira. Festara etortzen diren guztiek oso argi izan beharko dute zein den egoera eta tentuz ibili”, azpimarratu dute.

“Aurten, inoiz baino gehiago, oso garrantzitsua izango da festan parte hartuko dutenek arduraz joka dezaten”, adierazi dute eta Ongi pasatu, pasatu gabe leloa ekarri dute gogora. “Bakoitzak bere burua, ondoan dituenak eta, jakina, inguru giroa errespetatu behar ditu. Hala eginez gero, segurtasun propioa zein  besteena bermatuta egongo da”.

Aurtengo jaiak formatu txikia izango du, “apalagoa; xumeagoa izango den Nafarroa Oinez, baina ehunka laguntzailek eta boluntariok ilusio eta maitasun handiz antolatutakoa, etengabe aldakorra izan den egoerara egokitzeko gai den hezkuntza proiektu baten alde eginez. Honako hau ikastolek babesten duten auzolanaren isla da, baita euskal kultura eta hizkuntza zabaltzeko duten erantzukizunarena ere”.

Modu honetan, jardunaldi bakarrean izan ordez, besta bi egunetan zehar gauzatuko da, aurreikusitako ekintzak larunbataren eta igandearen artean banatuz. Gainera, aurten ez da gune guztiak zeharkatuko dituen ohiko ibilbiderik egongo, ez eta sarrerarik ere, hortaz, Nafarroa Oinezera hurbiltzen direnak hiriko puntu desberdinetan libreki mugitu ahalko dira.

Informazio gunei funtzio berri bat emango zaie, bertan kokatuko baitira ibilbiderako sarreretan egon ohi diren kutxak.  Hartara, nahi duen orok bere ekarpena egin ahalko du jarduera programa gauzatuko den eremuetan barna topatuko dituzten bost informazio gunetan.

Egitarauari dagokionez, jarduerak hiriko zazpi espaziotan egingo dira. Larunbatean, Foru eta Santiago enparantzetan eta igandean, ikastola, Los Llanos parkea, Remontival pilotalekua, zezen plaza eta Los Llanos Kulturaguneko lorategiak batuko dira.

Ikastola lagundu nahi duen orori, webgunearen bitartez ekarpen ekonomikoa egiteko gonbita luzatu du Lizarra ikastolak, festaren bitartez lortu nahi zen helburuetako bat eskuratu ahal izateko.

Zabaldu: