Urriaren 30etik azaroaren 5era egingo dute Sormene Plaza Galdakaon

Egitarau osoa aurrerago ezagutzera emango badute ere, antolatzaileek iragarri dutenez, kultur adierazpide askotako ikuskizunek osatuko dute. Horien artean dira Ibil Bedi talde nafarraren zuzenekoa eta Fast Fatum kontzertu poetikoa.

Programa oparoa ekarriko du berriz ere Sormene Plazak Galdakaora. Urriaren 30ean hasi eta azaroaren 5era bitartean egingo dute 2023ko udagoieneko edizioa eta gaurko zein atzoko sortzaileak izango dira protagonista. Egitarau osoa aurrerago ezagutzera emango badute ere, antolatzaileek datak konfirmatu eta ekitaldi batzuen berri eman nahi izan dute.

Iragarri dutenez, kultur adierazpide askotako ikuskizunek osatuko dute programazioa. Ostiralean, azaroak 3, esaterako, Ibil Bedi talde nafarraren kontzertua izango da. Antolakuntzak azaldu duenez, “udaberrian plazaratu zuten hirugarren diskoarekin, gazte zein helduen artean sekulako oihartzuna lortu duen taldea da Ibil Bedi. Soinu eta argi estetika berritu bezain zaindua ekarriko dute Galdakaora”.

Fast Fatum kontzertu poetikoa hainbat euskal emakume sortzailek, ESAS taldearekin batera, Sormenerako beren-beregi sortutako emankizuna izango da eta bertan estreinatuko da azaroaren 5ean. “Libe Goitia idazlearen poema liburuaren pasarte batzuei, musika eta mugimendua jarriko diote Maider Legarreta orkestra zuzendariak, Elene Uribarri kantariak, Begoña Rodriguez Maximo Moreno musika eskolako piano irakasleak eta Natalia Sanchez eta Izaskun Simon musikariek”.

Haizea Huegun konpositoreak ekimen honetarako beren-beregi sortutako obrak interpretatuko dituzte eta Garazi Conteren dantzak mugimendua emango dio ikuskizunari.

Maurizia Aldeiturriagaren garaikideak izan ziren Kastora Irigoien eta Romualda Zuloaga panderojole galdakoztarrek ere izango dute haien lekua Sormenen; hala antzeman daiteke, ohi den bezala, Karmele Gorroño herriko ilustratzaileak prestatu duen kartel koloretsuan.

Zabaldu: