Finala Iruñean jokatuko da, abenduaren 2an. Aurtengoan, 29 bertsolarik eman dute izena txapelketan, eta behin aurre-kanporaketak igarota, 24 izanen dira Iruritan abiatuko den ibilbidean.
Bi urteren ondoren, hemen da berriro ere Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Urriaren 7an abiatuko da eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak adierazi duenez, “bi hilabetez, gure irudiak islatzen duen bezala, Nafarroako lur berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu. Bide horren bitartez, euskarari eta euskarazko kulturari ekarpen mamitsua egingo dio bertsolaritzak, Nafarroako hainbat eskualde eta bazterretara hedatuz. Era berean, euskal kulturaz gozatzeko topaleku bat eskainiko du txapelketak, eta bertsolaritzaren eta orokorrean euskarazko kultur sorkuntzaren bueltan dabiltzan eragile eta norbanako guztientzako elkargune ere izango da. 24 bertsolari parte hartzaileekin batera, epaileek, gai-jartzailek, antolatzaileek eta hamarnaka laguntzailek eginen dute posible egitasmoa”.
46. edizioa une gozoan datorrela dio Elkarteak “2021eko edizioan, Anaitasunako finala inoizko jendetsuena izan zen. Eta azken Bertsolari Txapelketa Nagusian ere toki nabarmena izan du Nafarroak. Bai, zer esanik ez, Iruñeak jaso duelako final handia, baina baita ere nafar bertsolariek txapelketa osoan zehar edukitako paperagatik, baina hori guztia ez da bat-bateko lorea, urtean zehar egiten den lan isilaren fruitu baizik, eta bertsolaritza transmititzeko hezkuntzaren alorrean egindako lan eskergaren ondorio zuzena”.
Aurtengoan, 29 bertsolarik eman dute izena txapelketan, eta behin aurre-kanporaketak igarota, 24 izanen dira Iruritan abiatuko den ibilbidean. Guztira, zortzi saio izango ditu txapelketak, beste horrenbeste udalerritan. Izan ere, Nafarroako Bertsozalek bere egitasmoa eta bertsolaritza Nafarroako lurralde osora hedatzeko apustuan urrats berri bat emango du aurtengo txapelketarekin.
Orotara lau final-laurden izango dira: Iruritan, Vianan (txapelketaren historian lehen aldiz), Uharten eta Agoitzen. Hor ariko diren 24 bertsolaritatik 18k egingo dute aurrera, finalaurrekoetara. Fase horretan hiru saio izango dira, Altsasun, Agoitzen eta Lesakan. Azkenik, Iruñean jokatuko da finala, abenduaren 2an, larunbata, Anaitasuna kiroldegian. Zortzi bertsolari ariko dira bertan, finalaurrekotatik sailkatutakoak. Zortzi horien artean, saioan zehar puntuaziorik altuena lortzen duten bi bertsolariak buruz burukora pasatu dira. Honetan erabakiko da 2023ko txapelduna.
Parte hartzaileei dagokionez, ordezkaritza anitza izango dela nabarmendu du Elkarteak. Lau parte hartzaile berri izango dira: Beñat Astiz, Bittori Elizalde, Eki Mateorena eta Fernando Ziganda, eta baita txapelketan aspalditik parte hartzen duten beste hainbat ere. Aurten, gainera, lau txapeldun ariko dira: Julen Zelaieta, Julio Soto, Xabier Silveira eta egungo txapelduna den Saioa Alkaiza.
Sarrera guztiak eskuragai daude gaurtik aurrera www.bertsosarrerak.eus atarian. Saioen egunean bertan ere jarriko dira leihatilan salgai, beti ere aurretik online bidez agortzen ez badira. 17:30ean hasiko dira saio guztiak, finala izan ezik, azken hau 17:00etan abiatuko da.