Urtarrilaren 12an emango diote hasiera aurtengo Bilboko Zirkuitua programari

Errekaldeko Udaltegian abiatuko da zirkuitua La Pacheca Collectiveren A solas con el emérito lanarekin hilaren 12an.

Antzerkiko tokiko konpainien jarduna bultzatzeko asmoz, Zirkuitua programaren 23. edizioa abiatuko dute urtarrilaren 12tik maiatzaren 11ra bitartean, Bilbon.

Aurtengoan konpainia hauek hartuko dute parte: La Pacheca Collective A solas con el Emérito lanarekin; Las Klownkis Ya pasó obrarekin; Libélula Teatro Conversaciones con mamá antzezlanarekin; Skené Teatro La casa de Bernarda Alba lanarekin; Kamerino Teatro La felicidad no está en los mapas ikuskizunarekin; Amets Bete Pareja abierta antzezkizunarekin; La Companyia Del Bac Kiero ser vasco: ¡palabra de catalán! obrarekin; eta Luna Llena ¡Porque me oprime el corsé! lanarekin. Edizio honen parte izango dira, halaber, mikroantzerkiko proposamenak: Potemkin-Erein Kolektiboaren Esto ha venido para quedarse, Kásperle Teatroren El diablo moderno, eta Resisten Cía-ren Larvä.

Zirkuituan parte hartuko duten obra guztiak lehen aldiz programatuko dira, Potemkin eta Erein Kolektiboaren antzerki laburreko piezak izan ezik. Horiek berriz programatuko dira San Frantziskon urtarrilak 26 eta Errekalden maiatzak 11, aurreko edizioan izan zuten arrakasta dela eta.

Horrez gain, aurtengo edizioan umoreak presentzia nabarmena izango duela azpimarratu du antolakuntzak: La Pacheca Collective-ren A solas con el emérito, stand-up comedy estiloko bakarrizketa da, errege emerituaren antz susmagarria daukan umorista bati buruzkoa: haren esperientziak, pasadizoak eta esamesak. La Companyia Del Bac taldearen Kiero ser vasco: ¡palabra de catalán!, berriz, bakarrizketa komikoa da. Protagonista euskaldun izateko baldintza guztiak betetzen dituela frogatzen saiatuko da, katalana izan arren. Las Klownkisen Ya pasó.

Azkenik, Bilboko Zirkuituak maiatzaren 4an Begoñako Udaltegira Luna Llenaren eskutik iritsiko den hitzordua nabarmendu du programazioaren barruan. Konpainiak bere 25. urteurrena beteko du, eta beste behin ere presente egongo da programa honetan ¡Porque me oprime el corsé! obra berriarekin. “Trenean egindako bidaia da honakoa, gure amen eta amonen memoriaren bidez; izan ere, horiei, batzuetan, atsekabez begiratzen dizkiegu, inoiz zoriontsuak edo libreak izan ez direla uste dugulako”, azaldu dute antolatzaileek.

Proposamen guztiak doakoak izango dira eta lan bakoitzari buruzko informazio guztia hemen aurki daiteke.

Sormenari babesa

Bilboko Zirkuituak bi helburu ditu: bertoko eszena bultzatzea eta antzerkia hiriko auzoetara hurbiltzea. “Programa honen bidez, antzerki eta dantza taldeei aukera ematen zaie euren lana taularatzeko eta jendaurrean erakusteko. Gainera, aukera paregabea ematen die herritarrei hiriko proposamen artistiko berri eta freskoenak gozatzeko”, azaldu dute antolatzaileek.

Bestetik, Bilboko eskaintza kulturala deszentralizatzea du xede ekimenak. “Denborarekin, antzerki-zirkuitu hau ia auzo guztietara zabaldu da; auzoetako askotan hauxe da estalitako eremu batean egiten den arte eszenikoen eskaintza bakarra. Duela bi hamarkada baino gehiago abian jarri zenetik, eskaintza handituz joan da, emanaldi gehiago eskainiz eta agertoki gehiagotara iritsiz”.

Zabaldu: