(argazkia: Kultur Sharea)

Urtarrilaren 16an abiatuko dira aurtengo maskaradak Atharratze-Alozen

Dena ondo bidean, Zuberoako hamabi herri bisitatuko dituzte Atharratze eta Alozeko gazteek lau hilabetetan zehar. Apirilaren 17an bukatuko dira maskaradak Gamere Zihigan.

Urtero bezala, negu bete-betean maskaradak antolatu dituzte Zuberoan, eta herrialde horretako hamabi herritan izango dira agerraldiak, apirilera bitarteko asteburuetan. Aurten Atharratze eta Alozeko gazteek hartu dute antolakuntzaren ardura, hain zuzen ere, euren herrian egingo dute lehenengo emanaldia, urtarrilaren 16an, igandea, azkena, berriz, apirilaren 17an izango da, Gamere Zihigan.

Urtarrilaren 8an amaituko dira iazkoak

Dantzan.eus atariak zabaldu duenez, pandemiaren eraginez, Barkoxeko herriko gazteek emanaldiak eskaini behar izan dituzte joan den urteko uztailetik gaurdaino, izan ere, 2021eko neguan ospatu beharrean, udan hasi ziren maskaradekin eta gaurdaino luzatu dituzte. Beraz, iazkoak urtarrilaren 8an Barkoxen bukatuko dira eta astebete beranduago abiatuko dira aurtengoak.

Aurtengo maskaraden egutegia:

  •  Urtarrilak 16 (igandea): Atharratze
  • Urtarrilak 22 (larunbata): Pagola
  • Urtarrilak 20 edo 30 (data zehazteko dago oraindik): Lexantzü
  • Otsailak 6 (igandea): Barkoxe edo Altzürükü
  • Otsailak 13 (igandea): Barkoxe edo Altzürükü
  • Otsailak 26 (larunbata): Santa Grazi
  • Martxoak 6 (igandea): Muskildi
  • Martxoak 12 (larunbata): Idauze
  • Martxoak 19 (larunbata): Ainharbe
  • Martxoak 26 (larunbata): Aloze
  • Apirilak 10 (igandea): Iruri
  • Apirilak 17 (igandea): Gamere-Zihiga
Zabaldu: