(argazkia: (H)ilbeltza)

Urtarrilaren 19tik 25era bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen

(H)ilbeltzan genero beltzeko liburuen aurkezpenak, mahai-inguruak, solasaldiak, bazkaria, antzerkia, itzuli beltza edota susmagarrien gaua izango dira.

2026ko urtarrilaren 19tik 25era izango da Euskal Nobela Beltzaren Astearen hamabigarren edizioa eta ekitaldi ugari antolatu dituzte oraingoan ere. Bertan hartuko dute parte Amaia Apalauzak, Ernesto Pratek, Miren Agur Meabek, Amaiur Epherrek eta Iñaki Dorronsorok, besteak beste.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, “gure eskema klasikoarekin segituko dugu eta astelehen, asteazken eta asteburua beteko ditugu ekitaldiekin. Nobela beltz edo belztasunarekin harremana duen literatura dexente izan da aurten eta guk horren lagina ekarriko dugu”.

Urtarrilaren 19an, astelehena, beraz, Guillem liburuaren kontu arituko dira Amaia Apalauza itzultzailearekin, hilaren 21ean, asteazkena, berriz, Ernesto Praten Muga hautsien hegalak nobela berriaz hitz egingo dute eta larunbatean Miren Agur Meabe idazlearen Amorante frantsesa, Amaiur Epherren Haize beltza eta Iñaki Dorronsororen Azpijokoa Azpiazun liburuak aurkeztuko dituzte.

Antolakuntzak adierazi duenez, “liburuez gain zinema, mahai-ingurua, susmagarrien gaua, itzuli beltza eta antzerkia izango dira hamabigarren edizioan, baina horri buruzko informazioa aitzinago jakinen duzue. Orain inportanteena datak apuntatzea eta bazkarirako txartela lortzea duzue. Eskatu helbide honetarat eskribituz: ilbeltzabaztanen@gmail.com”.

Urtarrila Baztanen: (H)ilbeltza

2015ean jarri zuten martxan (H)ilbeltza, Nafarroako Baztan bailaran Idazleekin solasean irakurle taldetik sortutako ekimena. Antolatzaileek azaldu dutenez, “talde horretako partaide batzuek euskal literaturarekin lotua zegoen beste ekitaldiren bat antolatzeko asmoa agertu genuen. 2014. urtean, taldea elkartzen hasi zen eta genero beltzak haiengan interesa sortzen zuela ikusita, handik eta urtebetera Euskal Nobela Beltzaren Astea antolatzea erabaki zuten. “Ilbeltzeko aste batean egitea erabaki genuen, hilabetearen izenak ematen duen jokoagatik: hil+ilbeltza (urtarrila baztanen) = (H)ilbeltza”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna