(argazkia: (H)ilbeltza)

Urtarrilaren 20tik 26ra bitartean egingo dute Euskal Nobela Beltzaren Astea Baztanen

(H)ilbeltzan genero beltzeko liburuen aurkezpenak, mahai-inguruak, solasaldiak, bazkaria, Odola-kantari-Euskal kantagintzaren tragepedia emanaldia edota susmagarrien gaua izango dira.

2025ko urtarrilaren 20tik 26ra izango da Euskal Nobela Beltzaren Astearen hamaikagarren edizioa eta ekitaldi ugari antolatu dituzte oraingoan ere. Bertan hartuko dute parte, Edurne Elizondok, Mikel Elortzak, Izaskun Gracia Quintanak, Iñaki Petxarromanek, Unai Elorriagak eta Josu Aurrekoetxeak, besteak beste.

Ekitaldiak bailarako sei herritan izango dira: Azpilkueta, Arizkun, Aniz, Elizondo, Irurita eta Erratzun.

2015ean jarri zuten martxan (H)ilbeltza, Nafarroako Baztan bailaran Idazleekin solasean irakurle taldetik sortutako ekimena. Antolatzailearen arabera, “talde horretako partaide batzuek euskal literaturarekin lotua zegoen beste ekitaldiren bat antolatzeko asmoa agertu genuen. 2014. urtean, taldea elkartzen hasi zen eta genero beltzak beraiengan interesa sortzen zuela ikusita, handik eta urtebetera Euskal Nobela Beltzaren Astea antolatzea erabaki zuten. “Ilbeltzeko aste batean egitea erabaki genuen, hilabetearen izenak ematen duen jokoagatik: hil+ilbeltza (urtarrila baztanen) = (H)ilbeltza”.

Egitaraua

Asteari hasiera emateko, urtarrilaren 20an, astelehena, irakurleen asanblada izango da Amazurtza liburuarekin, 19:30ean, Arizkungo medikuaren etxean. Joxan Oiz Arruti VII. (H)ilbeltza bekaren irabazlea da.

Asteazkenean, hilak 22, berriz, Bärlach komisarioaren abenturak eta desbenturak solasaldia izango da Idoia Santamariarekin, arratsaldeko 19:00etan, Anizko elkartean.

Asteak ostiralean izango du segida Arg(h)itzen dokumentalaren proiekzioarekin. Emanaldi hau ere arratsaldeko 19.00etan izango da, Iruritako Gizarte Bilgunean.

Hilaren 25ean, larunbata, Nola sortu kriminal bat (nahi gabe) izeneko mahai-ingurua izango da Edurne Elizondo eta Mikel Elortzaren eskutik eta Isabel Jaurenaren gidaritzapean, goizeko 11:00etan, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Eguerdiko 14:00etan, berriz, bazkaria antolatuko dute Erratzun (Txartelak ilbeltzabaztanen@gmail.com helbidera idatzita eskatu beharko dira). Bazkalondoan, Izaskun Gracia Quintanaren Basokoa eta Iñaki Petxarromanen Lehendakariaren alaba liburu aurkezpenak izango dira.

Eguna borobiltzeko, ilunabarrean, Ilargipeko enigmak izeneko susmagarrien gaua antolatu dute Erratzuko ostatuetan barna jostetan.

Asteari amaiera emateko, igandean Xartolako Axeri Itzuli beltza izango da, goizeko 11:00etan, Azpilkuetan. Arratsaldeko 19:00etan, berriz, Odola-kantari-Euskal kantagintzaren tragepedia emanaldia izango da Elizondoko Arizkunenea kultur etxean, Unai Elorriaga eta Josu Aurrekoetxearen eskutik.

Zabaldu:

Utzi erantzuna