Eneritz Furya, Libe eta Amorante izango dira Montehermosoko oholtzara igoko diren musikarietako batzuk, azaroaren 23ra arte.
Klaustro Sounds zikloa indartuta itzuliko da aurten Gasteizera, eta iazko zuzenekoen kopurua bikoiztuz, bederatzi kontzertu izango dira edizio honetan. Emanaldi guztiak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira Montehermoso Kulturuneko klaustroan. “Agertoki aparta da, publikoari soinu-bidaia paregabea eskainiko diona, espazio berezi honetarako bereziki antolatutako proposamen musikalen bidez”, azaldu du Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak programa aurkezteko egin duten prentsaurrekoan.
Zikloa urtarrilaren 26an abiatuko da eta azaroaren 23ra arte luzatuko da, “musika-formatu konbentzionalak beste formatu berritzaileago eta esperimentalagoekin bateratzen dituzten soinu-esperientzia izango dira”, azaldu dute aurkezpenean. Hala, artistaren, espazioaren eta publikoaren arteko zuzeneko lotura bermatuko duen “giro paregabea” sortuko dela nabarmendu dute. Gainera, aurten, proposamenak “toki-izaera argia izango du, Gasteizko, Arabako eta Euskal Herriko taldeak eta bakarlariak bilduko baititu”.
Egitarauari dagokionez, urtarrilaren 26an Black Duck & Elena Setien igoko dira Montehermosoko oholtzara; otsailaren 16an, berriz, Eneritz Furya bakarlariak HHH disko berria aurkeztuko du; martxoaren 16an Adrian Royo musikariaren txanda izango da; martxoaren 30ean Amorante & Adriano Galante ariko dira taula gainean; apirilaren 13an Lofacil izango da Gasteizen; maiatzaren 18an Bea Asurmendik Asteartea estreinako diskoa aurkeztuko du; maiatzaren 25ean Javi Free eta Kyoko azken soinu-abentura taularatuko du; irailaren 28an Lohi Ensemble izango da; azkenik, azaroaren 23an Libe musikari gasteiztarrak emango dio amaiera zikloari.