Urteko bigarren Bertso Eguna Getarian egingo dute, martxoaren 27an

Sarrerak eskuragarri daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian eta Getariako Turismo Bulegoan. Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi bertsolariak arituko dira oholtza gainean, Maite Berriozabal lemazain dutela.

Martxoaren 27an Bertso Eguna egingo dute Getariako Cristobal Balentziaga museoan. Bertan, Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi arituko dira bertsotan, Maite Berriozabal lemazain dutela. Bertsozale elkarteak antolatutako urteko bigarren hitzordu hau arratsaldeko 18:00etan hasiko da eta iragarri dutenez, Martin, Iturriaga eta Alberdi ez dira protagonista bakarrak izango, Eli Pagola, Maider Arregi, Manex Agirre eta Rosi Lazkano bertsolariek ere hartuko baitute parte emanaldian.

Aretorako sarrerak eskuragai daude dagoeneko www.bertsosarrerak.eus atarian, nahiz Getariako Turismo Bulegoan. Oraingo honetan ere nahi duenak Internet bidez zuzenean ikusteko aukera izango du, horretarako sarrerak webgune berean eskuratu ahal izango dira. Bazkideek deskontua izango dute. “Adi sarrera erosterakoan, webgune berean egonda ere, aretorako eta Interneterako sarrerak ezberdinak baitira”, ohartarazi dute antolatzaileek.

Bertso plaza indartzeko Bertsozale Elkartea egiten ari den apustuaren parte dira aurtengo hiru Bertso Egunak. Aurrenekoa joan den otsailaren 13an izan zen Iruñean eta datorren maiatzean, berriz, hirugarrena egiteko asmoa dute, Hazparnen. Azken emanaldi honetarako ere sarrerak salgai daude jada webgunean.

Zabaldu: