Idoia Santamariak itzulpengintza saria jaso du Ingeborg Bachmannen Aldibereko lana euskaratzeagatik, Aixa de la Cruzi gaztelerazko literaturako saria eman diote Cambiar de idea lanagatik eta Borja Barraguek gaztelerazko saiakerakoa eraman du, Larga vida social a la democracia saioagatik.
Joan den astean eman zituzten ezagutzera Euskadi Literatura Sarietako aurreneko hiru irabazleak. Gaur, berriz, gainerako lauak ezagutzera eman dituzte Donostiako San Telmo museoan. Uxue Alberdik saiakera saria irabazi du, Kontrako eztarritik lanarengatik, Idoia Santamariak itzulpengintza saria jaso du Ingeborg Bachmannen Aldibereko lana euskaratzeagatik, Aixa de la Cruz idazleari gaztelerazko literaturako Euskadi saria eman diote Cambiar de idea lanagatik eta Borja Barraguek gaztelerazko saiakerakoa eraman du, Larga vida social a la democracia saioagatik.
Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada. Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.
Bingen Zupiria sailburuak nabarmendu duenez, “Euskadi Litaratur sarien epaimahaiek, generoz genero, sarituen idazlanetan azpimarratu dituzten balio literarioek irakurleongan egiten dute benetako bidea eta irakurleen bidez lortzen, benetako zabalkundea”. Zupiriak gaineratu duenez, “aurreko astean ezagutzera eman genituen sariekin batera, gorputz bat osatzen dute gaur aditzera emandako literatura sariok, baina, aldi berean, sari bakoitzak bere esparru propioa du”.
Datorren azaroaren 19an banatuko dira aurtengo Euskadi Literatura Sariak Bilboko Alondegian egingo den ekitaldi batean. Egun horretan zazpi modalitateetako irabazleak bilduko dira.