Donostiako Igeldo parkea, Zurriola eta Kontxa hondartzak, Ulia edota Zarautz, Getaria eta Hernio mendia dira protagonista artista donostiarraren obretan.
Gabonak ate joka ditugun honetan, Lur Kolektiboak Donostiako Urdaneta kalean urtero antolatzen duen artisautza azokara hurbildu gara. Bertan, Uxue del Rio diseinatzaile eta ilustratzaile donostiarra aurkitu dugu. Besteak beste, Bette Davis, Uliatik, Gilda eta Udako ekaitza izeneko obrak ditu ikusgai bere erakusmahaian. Horien sortze prozesuari buruz, bere ibilbideaz eta beste hainbat kontuz hitz egin dugu artistarekin.
Bette Davis
Bette Davis ilustrazioa da artista donostiar honen obrarik kuttunena. Maria Cristina hoteleko suiteko terraza izan zen bere inspirazio iturria obra ontzeko. Horretaz gain, Donostiako Igeldo parkea, Zurriola eta Kontxa hondartzak, Ulia edota Zarautz, Getaria eta Hernio mendia dira protagonista bere artelanetan.
Uxue del Rio betidanik izan da sormen handiko pertsona eta beti gustatu izan zaio teknika desberdinekin jolastea. Txikitan jostea eta argazkiak ateratzea gustuko zuen eta poliki poliki ilustrazioan murgildu zen. Barruan daramatzan ideiak adierazteko eta garatzeko sentitzen duen beharragatik marrazten eta margotzen du hustu arte. Sortutako lan bakoitzarekin bizitzaren edertasuna islatu nahi izaten du, gauza txikien gozamena, naturaren, artearen, koloreen eta gizakiaren bertuteak indartuz.