Guztira udalerri osoan zehar banatuko diren 13 ikuskizun taularatuko dira. Antolatzaileek “aniztasuna eta kalitatea” azpimarratu dute egitarauari dagokionez. Lau atal nagusitan banatuko da: Kaleka Ofiziala, Kaleka Scratch, Kalekaz Blai eta Kalekari.
Lekeitioko Kale Arteen Jaialdia bere 35. ediziora iritsi da, arte garaikidea, parte-hartzailea eta berritzailea kalera ateratzeko apustuari tinko eutsiz. Uztailaren 4tik 6ra bitartean izango da eta hamahiru ikuskizun ikusteko aukera egongo da, tokiko eta nazioarteko konpainia ugariren eskutik.
Uztaileko asteburuaz gain, Kalekak urte osoko kultur egitarauaren parte izan nahi du, kultura kritikoa, feminista eta komunitateari lotutakoa bultzatuz. 1989an sortu zenetik, erreferente bihurtu da Euskal Herriko kale arteen panoraman, eta urte hauetan zehar bost kontinenteetako artisten lana hartu du Lekeitioko kaleetan.
Antolatzaileek “aniztasuna eta kalitatea” azpimarratu dute egitarauari dagokionez. Lau atal nagusitan banatuko da: Kaleka Ofiziala, Kaleka Scratch, Kalekaz Blai eta Kalekari.
Kaleka Ofizialak hainbat formatu lantzen dituzten konpainia eta kolektiboen lanak bilduko ditu. Aurten Enbata (Euskal Herria), Soon Company (Finlandia / Katalunia), Mama Crea (Euskal Herria), Cia Jimena Cavalletti (Estatu espainiarra), La Pez (Euskal Herria), Mimeoost (Holanda), Barolosolo (Estatu frantsesa), Komorebi Kolektiboa (Euskal Herria), Atx Teatroa (Euskal Herria) eta Goitibera (Euskal Herria) izango dira.
Kaleka Scratchek, berriz, garapenen edo sortze prozesuan dauden lanak bilduko ditu, kulturgile eta ikusleen arteko elkar trukaketa garatzeko espazioak eskainiz. Edizio honetan, hiru artista/kolektibo izango dira: Papito (Estatu frantsesa), Hembrax Kolektiboa (Euskal Herria) eta Niñas Malditas (Estatu espainiarra).
Aurten ere, deialdi zabal baten bitartez aukeratu dira parte-hartzaileak: 416 proposamen jaso dira, eta horietatik hautatu dira aurtengo lanak.
Kalekaz Blai atalak urtean zehar herritarrekin garatutako jarduera artistikoak barne hartzen ditu: prestakuntza-prozesuak, ezagutza-trukeak, elkarrizketak eta tailerrak. Ekainaren 7tik 27ra bitartean, sail honetan hainbat jarduera egingo dira. Besteak beste: inprobisazio erakustaldia Arropaineko Arraguan (ekainak 7); sorkuntza tailerra Anna Irina Russellekin (ekainak 17-19); eta Espazioa marrazzzzzzzztu tailerra, gazteekin (ekainak 27).
Azkenik, Kalekari adin guztietako publikoei zuzenduta dago, jaialdian sentsibilizazio eta gogoeta estetikorako jarduera gisa txertatzen da. Deialdi ireki baten bidez ikuslego talde bat jaialdiaren jarduera paralelo batera gonbidatuko dute. Honetan, ikusleek eta artistek arte-jardunari buruzko jakin-mina eta ezagutza trukatzeko aukera izango dute.
Berrikuntza eta elkarlana
Iaz hasitako norabideari jarraituz, aurten lau berrikuntza nagusi azpimarratu ditu antolakuntzak: Igor de Quadra Belausteguigoitia artistaren presentzia programazio artistikoaren berrikuntzan; Kalekari saileko garapen berriak; Openkalerekin elkarlana, bitartekaritza artistikoko ekintza bereziekin; eta Komorebi Kolektiboaren Argillunak ikuskizuna, Karrikan plataformaren bidez.
Aurtengo Kaleka, beraz, ez da soilik ikuskizunen jaialdi bat izango, baizik eta komunitatearekin lotura estuan dagoen kultur mugimendua. Arte garaikidea, kalean eta komunitatean sustraitua.