'Troia' Kamikaz kolektiboa (argazkia: Kaleka)

Uztailaren 5etik 7ra egingo da Lekeitioko Kaleka antzerki jaialdia

34. edizio honetan ikusleak sentsibilizatu eta gogoeta egitera bultzatuko ditu jaialdiak.

Kaleka, Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiaren 34. edizioa, bueltan da, “kalea bizitza da, askatasuna, guztiok partekatzen duguna; artea berriz, nortasuna, kultura, gaitasun bereziak erakusteko modua. Kale arteek hori guztia eta asko gehiago batzen dute; gure barnean daude sentimendu eta emozioak pizteko trebetasuna dute”, adierazi du antolakuntzak.

Lekeitioko Kale Arten Jaialdia indartsu dator aurtengoan ere eta, uztailaren 5etik 7ra, hainbat herrialdetako lan eszenikoak, tailerrak, partaidetza-instalazioak eta komunitatean sortutako “kaleko arteen” sorkuntza eremuak ekarriko ditu herriko kaleetara.

Aurtengoan hamaika izango dira Lekeitioko kaleetan zehar ikusi ahal izango diren ikuskizunak, herriko gune esanguratsuenetara zein ezezagunagoetara kale arteak eramanez. Portugal, Herrialde Katalanak eta Euskal Herriko beste txoko batzuetatik etorritako konpainia eta kolektiboak izango dira, besteak beste. “Haien lanetan kale arteetako alor desberdinak landuko dituzten ikuskizunak izango ditugu, besteak beste, antzerkia, kalejirak, clownak, piroteknia, sormena sustatzeko espazioak edota gogoeta eragingo digutenak”. Guzti hauek uztailaren 7, 8 eta 9an ikusi ahal izango dira.

Guztira 12 konpainia eta kolektibok parte hartuko dute jaialdian, Italia, Herrialde Katalanak eta Euskal Herriko beste txoko batzuetatik etorritako konpainia eta kolektiboak izango dira, besteak beste.

Era berean, azken urteetan egin den bezala, 33. ediziorako ere proposamenak hiru atal nagusitan banatuko dituzte: Kaleka Ofiziala, Kaleka Scratch eta Kalekaz Blai.

Kaleka Ofizialean kalea formatu desberdinen bitarteko, testuinguru eta euskarri gisa hartzen duten lan artistikoak erakusten dira (ikuskizunak, tailerrak, esku-hartzeak, happening-ak, performanceak…).

Atal honen barruan hurrengo konpainiak aurkitu ahalko ditugu: Twisting The Balance, Guga & Silvia, Compagnia del Buco, Underclouds Cie, La Roca Producciones, La Troupe Malabó, Cal y Canto Teatro, Cía D’click eta Kamikaz Kolektiboa.

Kaleka Scratchek, berriz, sortze-prozesuan dagoen lanaren berri ematen du. Kategoria honetan, artistak eta ikusleak truke- eta feedback-rola dute. Horretarako, jarduera paraleloak egingo dira (tailerrak ikusleekin, topaketak artistekin), artista eta ikuslea elkarrizketan jartzeko.

Kaleka Scratch-ek garapenen edo sorrera prozesuan dauden lanak batzen ditu, kultur agente, artista, ikusle eta abarren arteko sormenezko elkar trukaketa garatzeko espazioak eskainiz. “Edizio honetan, Euskal Herriko Okamika taldea izango dugu Herriaren Bihotza lanarekin. Proiektu honetan, euskal musika klasikoa eta azken hamarkadetako musika klasikoak uztartuz, musikarien eta entzuleen arteko harreman aktiboa landuz garatuko dute, bai dramaturgia eta bai tokian tokiko inguruarekin jokoan”.

Amaitzeko, Kalekaz Blai atalak esperimentazioarekin eta ikusleen parte hartze zuzenarekin lotutako ekimenak hartzen ditu bere barnean. Edizio honetan CHico-tropico kolektiboaren C.O.S.A. proiektua gonbidatuko dute: gailu ibiltariaren bidez, soinuaren inguruko sormenezko topaketak egingo dira espazio publikoan.

Ikuslearen bilakaera

Publikoa ikuskizunaren parte bihurtu eta bere egitera gonbidatu nahi du aurten Kalekak. Helburu horrekin, edizio berritzaile honetan Kalekari atal berezia sortu da, ikuslea jaialdiaren parte izatera bultzatuko duen esparrua, alegia.

Adin guztietako publikoei zuzenduta, jaialdian sentsibilizazio eta gogoeta estetikorako jarduera pilotu gisa txertatzen da. Deialdi ireki baten bidez ikuslego talde bat jaialdiaren jarduera paralelo batera gonbidatuko dugu. Bertan, ikusleek eta artistek arte jardunari buruzko jakin-mina eta ezagutza trukatzeko aukera izango dute. Horrekin batera, Kalekariek, haien iritzi, adierazpen eta gogoetekin jaialdiaren komunikazioan ere eragina izango dute.

Egitaraua, hemen.

 

Zabaldu: