Lekittoko Deabruak (argazkia: Kaleka)

Uztailaren 8tik 10era egingo da Lekeitioko Kaleka antzerki jaialdia

Guztira udalerri osoan zehar banatuko diren 14 ikuskizun taularatuko dira.

Ezohiko bi edizioren ondoren, bueltan da Kaleka Nazioarteko Kale Arteen Jaialdia Lekeitioko kaleetara. 32. edizioa uztailaren 8tik 10era bitartean egingo dela iragarri du antolakuntzak. “Lekeitiok ikuskizun onenez gozatuko du berriro ere Kalekarekin. Kaleko arteak izango dira gure udalerriko udako protagonista nagusiak, bi urteren ondoren eskualdeko jaialdirik garrantzitsuena berreskuratuko baitute. Kultur ikuskizunen berpizkundea izango da, Lekeitioko Nazioarteko Jaialdia Kale Arteen zaleentzako nahitaezko bisitetako bat bilakatuz”, adierazi du antolakuntzak.

Guztira udalerri osoan zehar banatuko diren 14 ikuskizun izango dira. “Horri esker, ikusleek ekitaldiez gozatzeaz gain, Lekeitioko leku adierazgarrienak eta ezezagunenak ezagutzeko aukera izango dute”.

Edizio honetan parte hartuko duten konpainiak eta taldeak Euskal Herrikoak eta Estatu espainiarrekoak izango dira. “Antzerkia, clownak, piroteknia, malabareak eta gogoeta eragingo duten ikuskizunak izango dira jaialdian”, azaldu dute.

Guztira 437 ikuskizun aurkeztu ziren edizio honetan eta horietatik hamabi izan dira aukeratuak. Gainera, garapen edo sorrera prozesuan dauden bi konpainiaren lanak ere izango dira. Hau da, guztira hamalau ikuskizunez osatutako jaialdia izango da.

Era berean, azken urteetan egin den bezala, 32. ediziorako ere proposamenak hiru atal nagusitan banatuko dituzte: Kaleka Ofiziala, Kaleka Scratch eta Kalekaz Blai.

Kaleka Ofizialak hainbat formatu lantzen dituzten konpainia eta kolektiboen lanak bilduko ditu. Aurten El mono habitado, Barsanti, Kaput, Markeliñe eta Lekittoko Deabruak bezalako konpainia euskaldunak hartuko ditu bere barnean atal honek. Baina baita Estatu mailako Troula Animaciones, Javier Ariza, Nacho Vilar Producciones, Ambae Company, El Gran Dimitri eta Bucraá Circus.

Kaleka Scratchek, berriz, garapenen edo sortze prozesuan dauden lanak bilduko ditu, kulturgile eta ikusleen arteko elkar trukaketa garatzeko espazioak eskainiz. Edizio honetan Idoloca eta La Suricata Circus konpainien lanak izango dira atal honetan.

Amaitzeko, Kalekaz Blai atalak esperimentazioarekin eta ikusleen parte hartze zuzenarekin lotutako ekimenak hartzen ditu bere barnean. Edizio honetan Bambolea konpainiaren Circus Feria izango da. Zirku azoka honek zirkugintzaren alor ezberdinak hartuko ditu bere barnean: Feria jokoak, zirku tailerrak eta ikuskizunak.

Egitarau osoa, hemen.

Zabaldu: