2024ko helburu nagusietako bat publiko berriak erakartzea lortuko duen programazioa diseinatzea izan da.
Ostegun honetan, hilak 11, abiatuko da aurtengo zinema denboraldi berria Donostiako Tabakalera zentroan. Antolatzaileek azaldu dutenez, “2024ko helburu nagusietako bat publiko berriak erakartzea lortuko duen programazioa diseinatzea izan da”. Horretarako, programazio-proposamen espezifikoak programatu dira, eta EHUren eta EQZEren laguntza izan dute Tabakalerako pantaila partekatzen duten erakundeek, besteak beste.
EHU programazio-taldea
Urtarrilaren 25etik aurrera, osteguna, eta ekainera arte, EHUko ikasle talde batek hilean behin programatuko du ekimenen bat Tabakalerako zinema aretoan. Zikloaren haria filmen soinu-bandak dira, eta aukeratu duten lehena Ridley Scotten Blade Runner (1982) da.
Era berean, EQZEko 2023-2024 ikasturteko komisariotza espezialitateko ikasleen taldea modu kolektiboan ari da lanean apirilaren 8an hasiko den astean kontzentratuko den zinemako programa publiko bat definitzeko. Tabakalerarekin batera antolatutako programa hau zinemagintzaren eta zine programazioaren inguruko hausnarketa eta eztabaida lan baten emaitza izango da.
Tabakalerako zinema-pantaila egonaldi programen eta erakundeek sustatutako deialdien bidez zentrora iristen diren ikus-entzunezko sortzaile gazteen talentua sustatzeko eta bertaratzen den publikoa harremanetan jartzeko tresna bat ere izango da. Ekimen horiek guztiek sorkuntza laguntzen duen sistema bat egituratzea lortu dute NEST, Noka eta Ikusmira Berriak bezalako programen bidez.
Bestalde, datorren urtarrilaren 17an abiatuko da Nosferatu ziklo berria, USA western garaikidea 1962-2021, Sam Peckinpah zuzendari duen Duelo en la Alta Sierra (Ride the High Country, 1962) filmaren proiekzioarekin. Zikloa Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatu dute, Tabakaleraren eta Institut Valencià de Cultura – Filmoteca de la Generalitat Valencianaren lankidetzarekin, eta 2024ko urtarrila eta abendua bitartean garatuko da.
Urtearen lehen hiruhilekoan programatutako filmak besteak beste zinemagile hauenak izango dira: John Ford, Henry Hathaway, Richard Mulligan, John Sturges, Richard Brooks, eta Sam Peckinpah.
Zinema eta Zientziaren zazpigarren edizioa
Euskadiko Filmategiak DIPC (Donostia International Physics Center) eta Donostiako Zinemaldiarekin elkarlanean antolatzen duen Zinema eta zientzia zikloaren zazpigarren edizioarekin hasiko du urtea. Edizio hau Oppenheimerren proiekzioarekin abiatuko da (Christopher Nolan, 2023). Hitzordua urtarrilaren 11n, osteguna, izango da eta Robert Oppenheimer ondo ezagutzen duen Pedro Miguel Etxenike fisikariak eta DIPCko presidenteak aurkeztuko du saioa. Hitzaldia 18:00etan hasiko da eta proiekzioa 19:00etan.
Udaberrian Klasikoak zikloa izango da ikusgai, maisulanak berreskuratuko dituen proposamena eta uztailean, Jazzinemaren zazpigarren edizioa. 2024 amaitzeko, Euskal Emakume Zinegileak IV izeneko zikloa antolatuko da.
Marguerite Duras eta Bas Devos
Tabakaleraren ezaugarrietako bat hasiera-hasieratik, sormen-diziplinen arteko gurutzaketa bultzatzea izan da. Duela zenbait urte helburu horri lotutako lehen zikloa jarri zen abian zineman: Jatorrizko Soinu-banda, musika eta zinema dira protagonistak bertan. Urtarriletik aurrera gurutzaketa berri bati ekingo zaio: zinema eta literatura. Marguerite Duras idazle eta zinemagilea izango da zikloaren ardatza. Hilean behin, Durasekin lotutako zine saio bat izango dugu eta hainbat idazle gonbidatuko dituzte saio bakoitza aurkezteko. Miren Agur Meabe izango da zikloaren lehen gonbidatua, 2024ko urtarrilaren 12an Durasen Le camion (1977) filmaren inguruan jardungo da.
Pantaila partekatuaren beste ezaugarri nagusietakoa izan da bere sorrerarik nazioarteko zinemaldien zirkuitutik datorren zinema garaikideari lekua ematea. Horren adibide izango da urtarrilaren 13tik otsailaren 24ra Bas Devos zuzendari eta gidoilari belgikarraren filmografia ikusteko aukera eskainiko duen zikloa.