Willis Drummond taldeak ‘Gauzak’ abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu

Azaroaren 18an argia ikusiko duen Hala ere diskoaren bigarren aurrerapen kanta da.

Gauzak izeneko abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu Willis Drummond taldeak. Azaroaren 18an argia ikusiko duen Hala ere diskoaren bigarren aurrerapen kanta da honakoa eta sare sozialen bidez azaldu dutenez, “zuzena eta gordina da, hiru minutuko esprint bat, eta bertan deskargatzen dugu gure energia Australiako rockaren eragina aldarrikatzen duten riff eta ritmo batzuen bidez. Nabari da new christ ala beasts of bourbon bezalako taldeek asko sonatu dutela furgoan azken urte hauetan!”.

Letrek kaosa eta hutsa aipatzen dutela dio taldeak, baina itxura ilun horren gibelean, kantak mezu baikorra izan nahi dutela azaldu dute, “bizitzan, sortze prozesuetan bezala, gauzak usu kaosetik ala hutsetik jalgitzen direla oroitarazten du”.

Bideoaklipa Imanol G. Gurrutxagak zuzendu du eta IGG ekoizpenak eta Willis Drummondek ekoiztu dute elkarrekin. “Espero dugu plazera hartuko duzuela bideoklip hau ikustean, guk, hasteko, alimaleko plazera hartu baitugu filmatzean!”.

Orain atzera kontua hasi da eta taldea gogotsu dago disko osoa aurkezteko eta, batez ere, zuzenean jendearekin konpartitzeko. Lan berriaren aurkezpen bira hastear dela diote. Lehen bi kontzertuak Bilboko Kafe Antzokian, azaroaren 26an eta Miarritzeko Atabal aretoan abenduaren 2an eskainiko dituzte.

Disko berria azaroaren 18tik aurrera eskuragarri izango da denda guztietan, streaming plataformetan eta zuzenean taldearen webgunean: willisdrummond.net.

Zabaldu: