Iñigo Astiz, Harkaitz Cano eta Xabiren hitzek ingurunearen begirada poetiko-politikoa eskaintzen dute.
Hamar kantuz osatutako diskoa ondu du Xabi San Sebastian musikari eta abeslari donostiarrak Betazalak (Belarri) izenpean. Abestiak folk kantautoreen ildoari jarraituz sortu ditu. Irlanda eta Eskoziako songwriteren oihartzunak entzun daitezke, baita Estatu Batuenakoak ere, hori guztia euskal idazkeraren perspektibatik.
Doinuez gain, Beñat Gaztelumendi, Iñigo Astiz, Harkaitz Cano eta Xabiren hitzek ingurunearen begirada poetiko-politikoa eskaintzen dute, ahotsak eta testuak erdigunean jarrita. Canoren hitzetan, “Betazalik gabe ez da begiradarik. Hilgarria litzateke finko begiratu beharra munduari beti. Betazalak, atseden emateaz gain, garbitu egiten du begirada eta soaren izaera aldatu. Halaxe, tarteka erroetara loturik eta zeruari duintasun eske hurrena, kliska bakoitzean asmo ezberdin bat du ituan Xabi San Sebastianek ere”.
Letragile hauetaz gain, musikari apartak izan ditu inguruan Xabik: Karlos Aranzegi (Bateria), Nando Neira (Kontrabaxua eta baxua), Quico Puges (Txeloa), Arkaitz Miner (bibolina), Satxa Soriazu (teklatuak), Pello Gorrotxategi (eskusoinua), Nahia Valle (ahotsa Konpai kantuan) eta Xabi San Sebastian bera (ahotsa, gitarrak eta ukelelea). Gainera, “Gorka Urraren zuzendaritzapean Konpai abestiaren bideoklip ederra plazaratu berri dugu”, nabarmendu du musikari donostiarrak.
Betazalak diskoaren aurkezpen kontzertua abenduaren 7an izango da, Durangoko Azokako Ahotsenea gunean (Plateruenan), eguerdiko 13:20ean.