(argazkia: Gasteizko Oihaneder Euskaren Etxea)

Xabier Amurizak ‘Etxepare, jalgi hadi batura’ liburua aurkeztuko du ostegunean, Gasteizen

Antolatzaileek aurreratu dutenez, liburua aurkezteko berbetan, bertsotan eta kantuan ere arituko da Amuriza. Ekimena 19:00etan izango da eta gonbidapena beharko da.

Xabier Amurizak Etxepare, jalgi hadi batura izeneko liburua aurkeztuko du datorren ostegunean, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Izan ere, idazle eta bertsolari bizkaitarrak Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae euskara batura ekarri, eta egungo errima eta neurrietara moldatu du. Antolatzaileek aurreratu dutenez, “liburua aurkezteko berbetan, bertsotan eta kantuan ere arituko zaigu Xabier”.

Hona aurrerapen bat, Amurizaren hitzekin emana: “Etxepare gure lehen idazlea da. Lehenengoa bat da beti, eta betiko. Eta lehenengoa izatearen kontzientzia argia, garailea, euforikoa erakusten du. Ez francesa ez berceric, oray ezta erideyten Heuscararen pareric’”.

Liburua ez da itzulpen soil bat, bertsio-itzulpen bat baizik. “Etxepareren bertso-teknika, errima, batez ere, ahula da gaurko ikuspegitik. Eta bariazio gutxikoa. Horregatik pentsatu nuen itzulpen soila baino interesgarriago litzatekeela bertsio-itzulpen bat egitea. Errima bariatzen eta neurria zehazten hasiz gero, ordea, nola eutsi diskurtsoari bere hartan? Nire ahalegin nagusia izan da emaitza izan zedila Etxepare, eta ez ni. Hots, bertsio-itzulpenak ukan zezala haren eduki eta aire osoa. Aitortu behar dut, lortu dudan neurrian (baietz uste dut), ahalegina gozamen handia izan dela”, adierazi du amurizak.

Ekitaldi hau Nortasuna+ erakusketaren ekintza osagarrien artean antolatu da, eta Korrika Kulturalaren egitaraua osatuko du.

Aurkezpena ostegunean, hilak 17, izango da arratsaldeko 19:00etan. Lagun bakoitzak bi gonbidapen bakarrik eskuratu ahal izango ditu. Gonbidapenak eskuratzeko hiru bide egongo dira. Goizeko 10etatik aurrera irekiko dira hirurak: Bime plataformaren bidez, Telefonoz eskatuta (615 986 832), 10:00etatik 12:00etara edota oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita.

Zabaldu: