Xabier Irujok eta Larraitz Ariznabarretak ‘Beotibar. 700 urte geroago’ egitasmoa aurkeztu dute

Ekimen aitzindari eta diziplina anitzeko honek garaiko kronikariek emandako gezurrei aurre egin eta egia historikoari ekarpena egin nahi dio. Bi liburu, CD bat, erakusketa ibiltari bat eta hainbat hitzaldi biltzen ditu Irujok eta Ariznabarretak datozen hilabeteotarako bultzatutako jarduera sortak.

Gernikako bonbardaketari, Errozabalgo batailari eta emakumea bertsolaritzan gaiei buruzko aurreko argitalpenen arrakastaren ondoren, Xabier Irujo historialariak (Caracas, 1967) ‘Bakearen eta adiskidetzearen aldeko Gernika Saria’ 2019an, Larraitz Ariznabarretarekin (Bilbo, 1968) batera, Beotibar. 700 urte geroago egitasmoa aurkeztu dute gaur, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.

Proiektu honen bidez, XVI. mendetik aurrera idatzitako gertaera honen inguruan “ezarritako kronikei” aurre egin nahi diete historialariek, kronika horiek “kondaira bihurtu arte” desitxuratu baitzituzten Gaztelako monarkiaren zerbitzura zeuden kronikariek eta gortean interes pertsonalak zituzten historialariek. “Historiografia garaikideak jasotako 13 gezur dokumentatu ditugu”, azaldu dute. Ekimenak bi liburu eta Larraungo ‘Beltxaran Bikotea’ taldeak ekoitzitako CD bat bildu ditu. Baita New Yorken bizi den Gillermo Zubiaga marrazkilariak ilustratutako erakusketa ibiltaria ere. Gainera, udan Tolosan, Berastegin, Larraunen, Leitzan eta Getarian hitzaldi bana emango dituzte. Diziplinaz gaindiko proiektu berezi honek “interes pertsonal, ekonomiko eta politikoekin” egindako “akats historiografikoetan” sakondu nahi du, oraindik ere irauten baitute gure imajinario kolektiboan.

Zabaldu: