(argazkia: Mitxelena)

Xabier Lete omentzeko hainbat ekimen antolatu dituzte bere heriotzaren X. urteurrenerako

Datorren urterako, musika eta poesia uztartuko dituen ekitaldi bat, artistaren funtsetan oinarritutako erakusketa eta bere bizitzari eta obrari buruzko dokumental baten ekoizpena aurreikusita dago.

2020ko abenduaren 4ean hamar urte beteko dira Xabier Lete euskal idazle, poeta eta kantaria hil zela. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak poeta eta abeslariari egingo dion omenaldia aurkeztu du, gaur, efemeride horren esparruan aurreikusitako jarduera eta ekimen nagusiekin batera.

Xabier Lete Nazioarteko Euskarazko Poesia Sari banaketa izango da aurreneko ekimena. Hala, abenduaren 5era arte egongo da lehiaketaren bosgarren edizioan izena emateko aukera. Ekimenera aurkezten diren lanek euskaraz izan behar dute, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak.

Saria “Xabier Letek euskarazko poesia belaunaldi oso bati hurbiltzeko egindako lanaren” aitortza dela nabarmendu du Denis Itxaso kultura diputatuak, eta poetak “humanismoan eta balioen defentsan oinarritutako euskal nortasuna eraikitzeko” izan zuen dedikazioan jarri nahi izan du azpimarra.  Ildo beretik mintzatu dira Maria Jose Telleria Kultura zuzendaria, Lourdes Otaegi Sariaren epaimahaikidea eta Juan Cruz Igarabide idazlea, ekitaldian zehar Leteren poema bat errezitatu duena.

Horretaz gain, Itxasok Lete beti izan zela kulturarekin konprometitutako gizona gogorarazi nahi izan du. Bestalde, Itxasok 2020an zehar poetari egin nahi zaion omenaldi eta aitortzan izango diren jardueren berri eman du.  Horien artean, aurreikusita dago musika eta poesia uztartuko dituen ekitaldi bat, horren formatua definitzen ari dira une honetan.  Omenaldia Leteren ibilbide literario, musikal eta bizia jarraitu zuten pertsonak hartzeko gaitasuna duen antzoki edo areto batean egingo da.

Era berean, Aldundiak eskuratu zituen artistaren funtsen aukeraketa bat egiten ari da Kultura Departamentua eta horiek oinarri hartuta, Gipuzkoako udalerrietara ez ezik beste herrialdeetara ere zabalduko den erakusketa bat antolatzen ari da. Hirugarren ekimena, gaur ezagutarazi dutena, artistaren bizitzari eta obrari buruzko dokumental baten ekoizpena izango da, eta datorren urteko uda ostean estreinatuko dutela iragarri dute.

Zabaldu: