Xabier Mina eta Isaias Cruzen ‘Kantauri’ dokumentalak inauguratuko du Gnat jaialdia, martxoaren 24an, Donostiako Kursaalean

Kantauri itsasoari buruzko dokumentala da eta apirilaren 4an helduko da zinema aretoetara.

Xabier Minak eta Isaias Cruzek zuzendu dute Kantauri izeneko dokumentala, eta Kantauri itsasoaren sakonenera eramango dute publikoa Marta Felurian apnean adituarekin batera, “gure itsasoaren aberastasun ekologikoa eta hura kontserbatzearen garrantzia erakutsi nahi izan dugu”. Filma datorren martxoaren 24an estreinatuko dute, 19:00etan, Donostiako Kursaalean egingo den Gnat Jaialdian. Aurrerago, apirilaren 4an, zinema aretoetara iritsiko da filma, Barton Films banatzailearen eskutik.

Dokumentalak Kantauri itsasoko edertasuna eta biodibertsitate handiko itsas ekosistema erakusten digu. Kostaldeko uretatik 20 kilometroko sakoneraraino, euskal kulturaren jatorriaren parte diren fauna eta flora ezagutuko dugu, hauek gozatu, zaindu eta babestera gonbidatuz. Filmak Kantauri itsasoko hondoaren aberastasuna erakusten du, izaki bizidunen eta bizi diren ingurune fisikoaren arteko harreman konplexuak barne.

Jatorrizko soinu-banda

Joseba Beristainek konposatu eta Bratislavako Orkestrak eta Abesbatzak interpretatutako jatorrizko soinu-banda du dokumentalak, eta Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslariak ere parte hartu du. Beatriz Iso gidoigileak eta Patxi Zubizarreta idazleak ere hartu dute parte dokumental honen lantaldean.

Xabier Mina eta Isaias Cruz zuzendariek –biek ala biek dute itsasoarekiko lotura estua– Kantauri dokumentalean, Kantauri itsasoko ekosistemaren ikuspegi bakana islatzea lortu dute. Mina biologoa eta irakaslea da, eta berak eman dio filmari zorroztasun zientifikoa eta hezkuntza-dibulgazioaren ukitua; Cruz, berriz, urpeko igeriketako gidaria eta itsaspeko argazkilaria da, eta ingurune honen esentzia bisuala eskaini dio filmari.

Urtebete baino gehiago eman dute Kantauri filmatzen, Bizkaiko Golkoko hainbat eremutan, hala nola Zumaian, Mutrikun, Getarian, Bermeon, Hondarribian, Lekeition, Urdaibain eta Hendaian. Dokumentala filmatzeko, bereizmen handiko kamerak, lente espezializatuak eta dronak erabili dituzte.

Zabaldu:

Utzi erantzuna