Unanuek Zestoan 30 urteetan izandako bertso ekitaldien grabazioak utzi ditu dokumentazio zentroaren eskutan. Goikolearen funtsak, berriz, Leintz bailaran 1970 eta 1980ko hamarkadetan izandako bertso saioen grabazioak biltzen ditu batez ere.
Bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez, balio handiko bi dohaintza jaso ditu azken asteetan Xenpelar Dokumentazio Zentroak”. “Xabier Unanue bertsozale zestoarrak otsailaren 9an eraman zuen Villabonako Subijana etxera bere etxeko ganbaran jasota zuen bertso dokumentu bilduma. Besteak beste, 1976-2007 urte artean Zestoan izandako bertso ekitaldien, Santa Ageda bezperako eskeko saioen eta azken 60 urteetako Euskal Herriko hainbat bertso emanaldiren grabazioek osatzen dute bilduma. 320 grabazio inguru dira guztira, bai eta grabazio horietako 42.000tik gora bertso transkribatu eta bestelako bertso agiri sorta ere”.
Bestalde, Zentroak urte hasiera honetan, Patxi Goikolea bertso irakasle eta eragile arrasatearraren grabazio eta bertso bilduma ere jaso duela dio Elkarteak. “70eko hamarkada amaieran Almen bertso eskola martxan jarriz Leintz bailaran bertsolaritza birsortzen asmatu zuten Xanti Iparragirre, Juanito Akixu eta Goikoleak, eta funts honek azken horrek garai hartan egindako bertso grabazioak biltzen ditu”, azaldu dute Bertsozaleko kideek. “1970 eta 1980ko hamarkadetako audio grabazioak dira batik bat, guztira 185 kasete. Bestalde, grabazio horietan jasotako 330 bertso sorta inguru transkribatu ditu Goikoleak, eta testu horien bilduma ere eskaini dio Xenpelar Dokumentazio Zentroari”.
Bilduma hauek “tokiko bertsolaritza ondarearen lekuko oparoa izateaz gain, azken hamarkadetako Euskal Herriko bertsolaritza mugimendua ezagutu eta ikertzeko altxor baliotsua dira”, nabarmendu Elkarteak. “Urteetako lan mardul hau jasotzen duten bi funts hauek esker onez jasotzearekin batera, inbentarioa egin eta datozen hilabeteetan kontsultarako prest jarriko ditu XDZk bere egoitzan bertan”.