Beldurra, suspensea eta umore beltza tartekatzen dituen Jon K. Sanchezen Zure eskaera, prest! lana geratu da bigarren postuan eta Gaizka Sarasua eta Iraia Irazustaren Kurruka Enea hirugarrenean.
Xabin Fernandez Zubeldia da Audiogile Berriak egitasmoaren aurtengo irabazlea, halaxe erabaki dute Tabakalerak eta EITBk. Fernandezek EITBk ekoitzi eta GUAU audio plataformaren bidez zabalduko du Zure Ilunetan izeneko proiektua. Lan honek 30.000 euroko aurrekontua izango du ekoizpenerako.
Azaldu dutenez, “igogailu batean harrapatuta geratzeak sortzen duen tentsio guztia islatu nahi du Zure ilunetan lanak. Horretaz gain, izaki misteriotsu batzuen lekukotzak dena hankaz gora jarriko du. Zientzia fikziozko kontakizun hau bost ataleko soinu-fikzio bilakatuko da”.
Beldurra, suspensea eta umore beltza tartekatzen dituen Jon K. Sanchezen Zure eskaera, prest! lana geratu da bigarren postuan eta Gaizka Sarasua eta Iraia Irazustaren Kurruka Enea hirugarrenean.
Epaimahaiak adierazi duenez, “Zure ilunetan proiektu irabazlea genero honetako adibide bikaina da, narratiba-egitura entzutezko euskarrietarako bereziki pentsatua baitago, eta entzulea esperientzia sentsorial eta bizian murgiltzen baitu lehen segundotik bertatik”.
Epaimahaikideek nabarmendu dute “Dolby Atmos bezalako teknologia aurreratuekin bat datorren soinu-diseinua, kontakizuna soinu-arteko esperientzia bihurtzeraino. Bestalde, gaia eta gidoiaren tratamendua bereziki erakargarriak dira gazte zein helduentzat: genero anitzak nahasten dituen istorioa; tokiko erreferentzia askorekin; euskara natural eta biziarekin; gizarte-aniztasun sinesgarria erakusten duten pertsonaiekin”.
Audiogile Berriak ekimenaren bigarren deialdira aurkeztutako lan guztietatik hiru audio-gidoi proiektu hauek (bideragarritasun eta kalitate aldetik onenak) lantzeko eta gidoi bilakatzeko laguntza izan dute. Prozesu horretan, banakako tutoretzak izan dituzte Katixa Agirre eta Jose A. Perez Ledo idazle eta gidoilarien eta Haritz Lete musikariaren eskutik. Halaber, Tabakalerako ikus-entzunezko laborategian hiru hilabetez lanerako lekua izan dute; 2.000 euroko diru-laguntza proiektuak garatzeko (Tabakaleraren kontura), eta prestakuntzako eta gidoia garatzeko bi egonaldi.