‘Xaman baten egunerokoa’ argazki erakusketa ikusgai Donostiako Okendo Kultur Etxean

Erakusketa ekainaren 24ra arte bisitatu ahal izango da.

50 urte igaro dira Hilario Bravo artistak Gipuzkoako Artisten Elkartean egin zuen lehen bakarkako erakusketatik, 1973. urtean, hain zuzen. Orain, 50. urteurrena profitatuz, Okendoko Kultur Etxeak erakusketa berria antolatu du eta, honekin, autoreak bere ondarea Donostiako arte-munduarekin eta, oro har, gizartearekin partekatu nahi du.

Xaman baten egunerokoa izenburuan egunerokoa hitzak segida nabarmena ematen dio ekitaldiari, eta, era berean, egilearen ibilbideko garai desberdinak lotzen ditu; izan ere, ibilbide horretako lehen urratsak Donostian eman zituen artistak, bertan garatu baitzuen bere prestakuntza autodidakta arte kontzeptualarekin eta ekintza-artearekin lotutako Donostiako zirkulu artistikoen barnean (1972-1987).

Horrenbestez, Xaman baten egunerokoa erakusketak, hilabete ugari iraun duen dokumentazio-lan eskergaren ostean, artistaren orain arteko jardun guztia biltzen du, egileak artea sortzeko darabilen forma xamanikoa, sendatzailea eta gogoetan oinarritua erakutsiz. Bilduman Bravok garatutako formen eta kontzeptuen bilakaera nabarmentzen da; izan ere, kontzeptu horiek, adituek diotenez, antzinako sinbologiaren eta mitologiaren, militantzia poetikoaren eta malenkoniaren edertasunaren artean garatzen ditu artistak, meditazioaren eta emozioaren artean, eta guztiak gorpuztu dira pinturetan, marrazkietan, eskulturetan, argazkietan, argazki-muntaietan, artista-liburuetan, dokumentazioan eta beste hainbat formatutan. Hori dela eta, material horiek guztiek artistaren lagin kontrastatua, dinamikoa eta arrazoitua osatzen dute.

Obra bakoitza denbora bati dagokio, bere historia biltzen du eta giza kontzeptuez hitz egiten du.

Erakusketa honen harira argitaratutako katalogoan agertzen diren lanak Maider Beunza eta Javier San Martin arte kritikarien testuekin ageri dira.

Jarduera osagarriak

Bihar, hilak 19, Itinerarios del arte: El tiempo confeso izeneko solasaldia izango Fernando Golvanoren eta Bravoren eskutik, arratsaldeko 19:30ean eta maiatzaren 24an, berriz, Bravok bisita gidatua eskainiko du 19:30ean.

Zabaldu: