Xiberoko Jauna Alkarteak urtebete atzeratuko du ‘Abdelkader’ pastorala

Abdelkader pastorala uztailaren 26an eta abuztuaren 2an egitekoa zen Ürrüstoi herrian, baina, Xiberoko Jauna Alkarteak datorren urtera arte atzeratzea erabaki du. Hautua ez da erreza izan, antolatzaileek hasiera batean, irailean edo urrian antolatzeko aukera aztertu bazuten ere, azkenean ez da pastoralik izango aurten.

Urtero bezala, uztaileko azken igandean eta abuztuko lehenengoan jokatzekoa zen pastorala, baina koronabirusaren krisiak Xiberoko Jauna elkarte antolatzaileak, antzerki herrikoiaren antolatzaileak, Abdelkader pastorala urtebete atzeratzea behartu du. “Ez da erraza izan, baina ez dugu dudarik izan. Ez dugu eztabaidarik ukan gure artean”, azaldu dio Thomas Erguy Xiberoko Jauna Alkarteako kideak Kazeta.eus-i.

3.000 bat pertsona biltzen dira urtero pastoralean eta uztaileko eta abuztuko igande bi horietan ikuskizunak egiteko baimena izango duten jakin gabe ere, aurtengo edizioa bertan behera uztea nahiago izan dute antolatzaileek. “Entzuten denaren arabera, posible da adin tarte bateko pertsonak etxean egon behar izatea eta ez dugu publikoa zatitu nahi. Denek parte hartzea nahi dugu”. Egoera ikusita, hasiera batean, irailean edo urrian egitea otu zitzaien antolatzaileei, baina pastoralaren nortasunarekin bat ez datorrela ikusita, data berriaren proposamenak ez zuen aurrera egin. Hala ere, mustraken erritmoa ez galtzeko asmoarekin, hilabetean behin entseatzeko elkartuko direla iragarri du elkarteak.

Zabaldu: