Artista hasiberrien topaketa honetan Haria kolektiboko kideak arituko dira komisario lanetan.
Inmersiones artista hasiberrien biltzarrak hautatu ditu jada hamabosgarren edizioan aurkeztuko diren proposamen artistikoak. Topaketa abenduaren 17an egingo da Gasteizko Zas Kultur Espazioan.
Iker Fidalgok, Laura Diezek eta Irati Irulegik osatzen duten Haria kolektiboak egin du hautaketa. Kolektiboa bera ari da komisario lanetan eta Testua, gorputza, ahotsa’ gaia aukeratu du aurtengo topaketarako.
Arte garaikideari buruzko ponentzien deialdian, pertsona hauexek aukeratu dituzte: Alexia Sayago, Gabriel Aparicio, Gari Aranbarri, Izaro Ieregi, Jonathan Garcia Lana / Tunipanea eta Miriam Inza. Aukeratutako sortzaile horiek jendaurreko proiektu aurkezpenak egingo dituzte abenduaren 17an.
Ekintza artearen atalean, artiste performance proposamenak baloratuko dira, eta horretarako, Ane Berganza eta Elisa Arteta hautatu dituzte. Biek ala biek beren ekintzak topaketan eszenaratuko dituzte.
Partitura sortzaileen lehiaketarako ere hartu dute erabakia, eta irabazlea Ianire Sagasti artista izan da. Haren artelana Inmersiones 2022ko katalogoan sartuko da.
Sortzaile horiek 300 euroko diru saria jasoko dute beren proiektuak prestatu eta aurkezteko. Hautatutako talde horrek bat egingo du XV. Biltzar honetako programarekin; izan ere, hainbat izen gonbidatu dituzte: Maria Salgado, Aimar Arriola, Marion Cruza, Obrador, Estanis Comella, Maria Bastaros, Panda Dramatic eta Txaranga Urretabizkaia.
Hamabosgarren aldiz egingo den topaketa honen helburu nagusia da artistei eta haien proposamenei ikusgarritasuna ematea eta ezagutza elkar trukatzea, askotariko belaunaldietako sortzaileak, emakumezko zein gizonezko, kultura, gizarte eta arteko eragileekin elkartuz.