Bi taldeak nor baino nor gehiago arituko dira oholtzan. Honako hauek izango dira: Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio kamiseta zuri-urdinarekin; eta Anjel Mari Peñagarikano, Jone Uria eta Aitor Etxebarriazarraga zuri-gorriarekin.
Athletic Club Fundazioak, Real Sociedad Fundazioarekin eta Zornotzako Udalarekin elkarlanean, XVIII. Bertsoderbia aurkeztu du. Oraingoan, futbolaren eta bertsolaritzaren festa Zornotzako Zornotza Aretoan ospatuko da, Athletic Cluben eta Realaren arteko partidaren egun berean, otsailaren 20an, igandea, eguerdiko 12:30ean.
Txuri-urdinen aldetik Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus izango dira eta zuri-gorrien aldetik, Anjel Mari Peñagarikano, Jone Uria eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariak arituko dira. Gai-jartzailea Zornotzako Bertso Eskola Eta Abar izango da.
Sarrerak dohainik izango dira, eta gonbidapenak www.sarrerakzornotzaaretoa.com webgunean eskatu ahal izango dira.
Bertsoderbia
2012. urteaz geroztik, Bertsoderbia Reala eta Athletic Clubaren arteko norgehiagokaren aurretiko kultura-ekitaldi gisa egin da. Ekimen honen helburu nagusia giro oneko lehia sustatzea da, euskal taldeen kirolaren eta kulturaren arteko norgehiagoka alde batera utzita. Azken finean, lehia horretan elkarbizitza sustatu nahi duten bi futbol talde aurkarik programatutako kultur jarduera da.
Bertsoderbian Reala eta Athletic Club ordezkatzen dituzten bertsolariek parte hartzen dute. Bertsolariak euskal derbiarekin zerikusia duten gaien inguruan aritzen dira bat-bateko bertsotan. Saio berezi honetan umorea eta adiskidetasuna artearekin eta lehiarekin nahasten dira. “Gogoan izan behar da bertsolaritza euskal ahozko tradizioaren funtsezko zutabea dela eta euskararen idatzizko edozein adierazpen baino askoz lehenagokoa dela”, adierazi dute antolatzaileek.