Idazle gazteek ekainaren 30era arte izango dute euren proiektuak aurkezteko epea zabalik.
Aste batzuk dira Elkar argitaletxeak Lizar Begoñaren Mundu zitalaren kontra liburua argitara eman zuela. 25. Igartza Bekaren irabazlea da Sopelako idazlea. Irati Irizarrek, berriz, Ilargi-kutsadura eleberri proiektuarekin jaso zuen iazko irailean, 26. edizioko Igartza saria eta liburua ontzen ari da jada. Gaur, berriz, 27. deialdiko oinarriak aurkeztu dituzte ekimenaren antolatzaile diren Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak.
Euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz sortutako beka da gaur aurkeztutakoa. “Ibilbide honetan, euskal literaturaren eremuan izena eta izana lortu du idazle gazteentzako Igartza Literatura Bekak”, nabarmendu dute antolatzaileek.
XXVII. edizioan parte hartzeko baldintza nagusiak hauek dira: 35 urte baino gutxiago izatea, aurretik lan argitaraturik izatekotan helduentzako bi liburu baino gehiago ez izatea, aurreko edizioetako Igartza Beka sariaren titularra ez izatea, narratibako lanak izatea -eleberria edo ipuin-bildumak- eta lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izatea.
35 urte baino gutxiago duten idazle gazteentzako Igartza literatura bekak bi hitzordu nagusi izaten ditu urtean; bata liburu irabazleak argia ikusten duenean eta bestea bekaren irabazlea jakinarazten denean. Izan ere, bekaren irabazlea jakitean honek ia urtebeteko epea izaten du proiektua garatu eta ontzeko.
XXVII. ediziorako epaimahaia Irati Jimenez, Garazi Kamio eta Olatz Mitxelena idazleek osatuko dute. Proiektuak, 2024ko ekainaren 30era arte bidali ahal izango dira, bi bide hauetako bat erabiliz: udaletxeko sarreran erregistro ofizialean aurkeztuta, horretarako eskaria betez edo www.beasain.eus atariaren bidez. Jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien artean irabazlea zein den 2024ko irailean erabakiko du epaimahaiak. Bekaren diru kopurua 10.000 eurokoa izango da.