Argazkia: Alain Mayet Iturria: Euskadiko Filmategia
Yannick Bellon (Miarritze, 1924) zinemagilea izango da Euskadiko Filmategiak aurtengo urritik abendura bitartean eskainiko duen atzera begirako zikloko protagonista, eta hari buruzko liburu bat ere argitaratuko du erakundeak. XX. mendean Euskal Herrian jaiotako zinemagileen artean Bellon da, zalantzarik gabe, ibilbiderik garrantzitsuena izan duena, eta aurreneko aldiz ikusi ahal izango dira Euskal Herrian haren lan guztiak. Bestalde, zinemagileari buruz argitaratuko den liburuak hutsune historiografiko nabarmen bat beteko du, Frantzian bertan ere ez baitago Miarritzeko zuzendariari buruzko monografia bakar bat ere.
Filmategiak 2015ean programazio egonkor bat martxan jarri zuenetik, euskal zinemagile bati buruzko argitalpen monografiko bat kaleratu eta urritik abendura bitartean atzera begirako ziklo bat eskaini ditu urtero:
D’où vient cet air lointain? (2018) da Yannick Bellonen azken filma. Duela 70 urte, 1948an, Veneziako Zinemaldia irabazi zuen Goémons bere lehenengo film dokumental laburrari esker. Bellonek muntaketa eta zuzendaritza lanak egin ditu zineman eta telebistan, film labur zein luzeak sortu ditu. Zuhur eta, aldi berean, goxo tratatu ditu bere filmetako pertsonaiak, eta, mendetasuna arbuiatzearekin batera, beren duintasuna berreskuratzea dute beti helburu azkenean pertsonaiok. Bellonengan, hala, oso nabarmena da humanismoarekiko eta, beraz, feminismoarekiko konpromisoa, eta zantzu poetiko eta musikal ikusgarria ematen die horrek bere filmei.
1974an Zilarrezko maskorra irabazi zuen Donostiako Zinemaldian, La femme de Jean filmari esker.
Atzera begirako zikloko film luzeak:
– Quelque part quelq’un (1972)
– La femme de Jean (1974)
– Jamais plus toujours (1976)
– L’amour violé (1978)
– L’amour nu (1981)
– La triche (1984)
– Les enfants du désordre (1989)
– L’affût (1992)
– D’où vient cet air lointain ? (2018)