‘Yoko oporretan’ filmaren aurrestreinaldia egingo dute hilaren 26an, Donostian

Oraingo honetan ere, aire zabalean lagunartean jolastea sustatu eta irudimena eta abenturak bultzatzen dituen pertsonaia izango da Yoko.

Abenduaren 2an estreinatuko dute Yoko oporretan, azkeneko urteotan Juanjo Elordi zuzendariak eta Edorta Barruetabeña idazleak landu duten filma, lehenago baina, aurrestreinaldia egingo dute azaroaren 26an, Donostiako Principe zinema-aretoetan, 11:00etan. Bigarren film honetan, eta pertsonaia beraren telesailean eta Yoko eta bere lagunak (2015) filmarekin izandako arrakastaren ondoren, pertsonaiak banandu egingo dituzte opor batzuetan, ikus dezaten, hasieran beldur izan arren, gai direla errutinatik irten, esperientzia berriak bizi eta lagun berriak egiteko. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Saileko Miren Dobaranek eta Kike Amonarriz Topaguneko presidentea nabarmendu dute oso garrantzitsua dela haurrei zuzendutako euskarazko kalitatezko edukiak sortzea. Gainera, azpimarratu dute garrantzi handia duela gurasoak seme-alabekin batera zinema euskaraz ikustera joateak, hizkuntza menderatzen ez badute ere. 61 minutuko iraupena du, 3 eta 7 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta adin horietarako, haurrek zineman duten lehenengo esperientzia gisa sortuta dago, aldez aurretik dagoeneko ezagutzen duten sail batean oinarrituta baitago. 79 atal ditu sail horrek, eta 20 herrialde baino gehiagotan ikus daiteke. Horretarako, honela landu dute istorioa gidoigileak eta zuzendariak: “istorioak ziklo ez oso luze batean hasten eta amaitzen dira, elkarrekin lotzen dira, eta bidean konpontzen joaten dira, txikiek arreta manten dezaten laguntzeko”, diote egileek. Familia osoa zinemara joatea eta adin guztietako haurrak elkartu eta pantaila handiaz gozatzea aldarrikatzen dute. Telesaileko berberak dira filmeko pertsonaiak: Yoko, pertsonaia, gainerakoak harritzen eta babesten saiatzen dena eta hiru umeak: Oto, Mai eta Vik, hiru nortasun oso ezberdin baina osagarri irudikatzen dituzten pertsonaiak eta, azkenean, beti elkar ondo ulertzen dutenak; jolasaren bitartez konpontzen dute sortzen zaien edozein arazo. Emanaldi berri honetan, gainera, beste hiru pertsonaia agertzen dira: Moko, Toko eta Izoko, Yoko bezala jenioak direnak, munduko beste parke batzuetakoak, eta haurrekin jolastuko direnak, haien irudimena piztuz. Oraingo honetan ere, aire zabalean lagunartean jolastea sustatu eta irudimena eta abenturak bultzatzen dituen pertsonaia da Yoko.

Dibulitoon eta Wizart Animacion etxeek ekoiztu dute filma, ETBren, Gipuzkoako Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.  Barton Films banatzailearen eskutik estreinatuko da, herrialde osoko areto komertzialetan. Yelmo Cines zinema-aretoekin egindako hitzarmenari esker, 32 zinema-areto baino gehiagotan ikusi ahal izango da filma.

Zabaldu: