Youtuben euskararen erabilera zabaltzeko eskolak antolatu dituzte

Zallan, Derion, Durangon, Zornotzan eta Basaurin izango dira Youtubeskolak, urrian.

Youtuben euskararen erabilera zabaltzeko asmoarekin sortu da Youtubeskolak egitasmoa; izan ere, “Youtube da gazteek euren aisian ikus-entzunezko edukiak ikusteko, partekatzeko eta trukatzeko gehien erabiltzen duten kanaletako bat”, horrela adierazi dute egitasmoaren antolatzaile Bizkaiko Foru Aldundiak eta Azkue Fundazinoak.

Eskola hauetan parte hartuko dutenek aukera izango dute Youtuben bideoak sortzeko, editatzeko, produzitzeko eta post-produzitzeko eta kanalak sortzeko eta kudeatzeko. Ikastaroetan gai interesgarriak landuko direla azaldu dute antolatzaileek: “kontu bat sortzeko urratsak, profila pertsonalizatzea, bideoen grabazio eta muntaiak, musika nola deskargatu eta post-produkziorako beste pertsona batzuen irudiak erabiltzea, bisualizazio gehiago izateko estrategiak…”

Ikastaroak zortzi orduko jardunaldi bakarrean egingo dira. Lantegia behin amaituta, parte-hartzaileek bideo bat diseinatzeko, garatzeko eta argitaratzeko behar diren gaitasun teknikoak eskuratuko dituzte. Hartara, jardunaldi berean prozesu tekniko osoa barneratuko dute.

Izen-ematea www.youtubeskolak.eus webgunearen bidez egin beharko da, gaurtik hasita, hilaren 30era arte. 13 eta 16 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute. Udalerrietan bi tailer egingo dira, eta bakoitzean 15 plaza izango dira.

Halaber, Youtubeskolak proiektuaren baitan, Youtube bidezko lehiaketa bat abiatuko da, euskaraz eta Euskal Herriko 13 eta 16 urte bitarteko gazteek parte hartu ahalko dute.

Horretarako, parte-hartzaileek gai zehatz baten inguruko bideo bat egin beharko dute, zeina objektu eta esaldi batekin osatuko den; adibidez, objektua, egurrezko koilara bat eta esaldia, “aurrerapen teknologikoak izugarriak dira!”.

Irabazleak azaroaren 30ean, Bilbon dagoen Euskararen Etxean, antolatuko den festan iragarriko dituzte eta sari-banaketa ere bertan egingo da. Festa hori azaroaren 30ean egingo da.

Zabaldu: